Zurrumurruen aurkako “Ez Utzi Endredatzen” kanpainari jarraipena emateko, CEAR-Euskadik “Kazetariak Xenofobiaren Kontra” taldearen bigarren bideoa argitaratu du, Bizkaiko eta Arabako foru-aldundien laguntzarekin. Duela bi urte aurkeztutako bideoaren bigarren zatia da; lehenengo bideoan, estatu osoko hedabideetan agertu ohi diren zenbait ahots eta aurpegi ezagunek parte hartu zuten, hala nola Jordi Évolek eta Pepa Buenok. Oraingoan, Euskal Herriko 27 kazetarik egin dute bat kanpainarekin, beren ahotsak bateratuz gorrotoaren diskurtsoari aurre egiteko, kulturarteko elkarbizitza sustatzeko eta hedabideetatik zenbait gidalerro emateko, zurrumurru xenofoboak amaitze aldera.

 

 

Hain zuzen ere, kazetari hauek parte hartu dute “Ez Utzi Endredatzen” kanpainan: Begoña Beristain, Estíbaliz Ruiz de Azua, Mikel Ayestarán, Ana Urrutia, Amaia Goikoetxea, Vanessa Sánchez, Iñaki López, Lolo Rico, Adela González, Reyes Prados, César Martín, Amaia Villanueva, Ainhoa Etxebeste, Julio Flor, Olatz Barriuso, Martxelo Otamendi, Beñat Zarrabeitia, Xabier Madariaga, Josean Izarra, Pilar Ruiz de Larrea, Eduardo Azumendi, Iñaki Iriondo, Amaia Cayero, Almudena Cacho, Iñaki Gabilondo eta errefuxiatua den kazetari anonimo bat.

Bideoan, kazetari horiek guztiek endredatzen ez uzteko eta errefuxiatuei buruzko zurrumurru arrazista eta xenofoboak geldiarazteko zenbait gidalerro ematen dizkiete herritarrei. Hona hemen gidalerro horietako batzuk:

  • Iritziak egiazko gertakarietan oinarrituta eraiki eta informazio faltsuak baztertu.
  • Kasurik ez egin Interneten edo sare sozialetan entzuten edo irakurtzen dugun guztiari.
  • Hezkuntzaren aldeko apustua egin, eraikuntza masiboko arma baita.
  • Ez orokortu.
  • Giza eskubideen ikuspegia beti kontuan izan.
  • Pentsamendu kritikoa elikatu.
  • Errealitatea ikusten utziko ez digun bendarik ez jarri.

Zurrumurruek jendartean mesfidantza eta beldurra sortzeko baino ez dute balio. Errefuxiatu eta migratzaileak gizarte honetako parte dira, eta gure ardura da “endredatzen ez uztea”.

Horrela amaitzen da, hain zuzen ere, kazetariek eginiko bideoa; hemen sakatuz ikusi daitekeena, eta datozen asteetan bideoaren hainbat bertsio ikusi ahal izango dira gure sare sozialetan (Facebook, Twitter eta Youtube).