Nazioarteko babes-eskaerei dagokienez, Barne Ministerioak 2019an argitaratutako urteko balantzearen arabera, 4.826 lagunek eskatu zuten asiloa Euskadin aldi horretan: 3.395ek Bizkaian, 891k Araban eta 540k Gipuzkoan. Zifra hirukoiztu egin da 2018ko egoerarekin alderatzen badugu, ekitaldi horretan 1.595 asilo-eskaera aurkeztu baitziren EAE osoan.

2019an aurkeztutako asilo-eskaera guztien artean, CEAR-Euskadik ia erdia artatu zuen (2.328), eta nazionalitate eskatzaile nagusiak hauek izan ziren: Venezuela, Nikaragua, Kolonbia, Honduras eta Georgia; hurrenkera horretan. Estatu-mailan ere, oso antzekoa izan zen ikuspegia. (Ikusi CEARren prentsa oharra).

CEAR-Euskadiko zuzendari Patricia Bárcenak hau azaldu du: “Europako estatuek hirugarren herrialdeekin (Maroko edo Libia, adibidez) gauzatutako mugak kanpora ateratzeko prozesua, pertsonak irits ez daitezela kontrolatzeko, eta Espainiako Estatuko bisen politika ari dira asilo-eskatzaileen profila zehazten. Hona iristen diren pertsona gehienak Latinoamerikakoak dira, eta aireportu bidez sartzen ari dira. Aitzitik, iraupen luzeko gatazkak bizi dituzten beste nazionalitate batzuei (Siria, Yemen edo Palestina, adibidez) sarbidea zailtzen ari zaie, eta gero eta arriskutsuagoak diren bideak hartzera kondenatuta daude”.

Bárcenak hau gogorarazi du: “CEAR-Euskadin artatzen ditugun pertsona gehienen profila 18 eta 35 urte bitarteko gazteak dira, ia erdia emakumeak dira, eta beste erdia gizonak, eta kasu askotan, krisi humanitarioko egoeretatik ihesean datoz (hori da Venezuelaren kasua, adibidez), edo krimen antolatuaren jazarpenaren ondorioz (marak, pandillak, narkoak, etab.).

Zenbait datu

Hauxe da Euskadiko asilo eskaeren bilakaera azkenengo bost urte hauetan:

  • 2015: 163 pertsona
  • 2016: 500 pertsona.
  • 2017: 970 pertsona.
  • 2018: 1.595 pertsona.
  • 2019: 4.826 pertsona.

Espainiak hogei asilo-eskatzailetik bati soilik ematen dio babesa

Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordeak (CEAR) penaz jakinarazi zuen asilo-eskaeren onespen-tasa % 5era arte jaitsi zela 2019an zehar, hau da, 2018an baino ia 20 puntu gutxiago. Horrek esan nahi du hiru mila pertsona inguruk jaso zutela nazioarteko babesa gure herrialdean; halaxe islatu da “Más que cifras” argitalpenean, zeinetan asilo-sistemari buruzko 2019ko datu nagusiak biltzen diren.

Espainia Europar Batasuneko batezbestekotik oso urrun dago, non aldeko ebazpenen % 30 bat erregistratu baita. Horiek horrela, 60.000 ebazpenetik baino gehiagotik, 1.653 aldiz eman zen errefuxiatu-estatusa, eta 1.503 babes subsidiario ere eskaini ziren. Hala ere, nabarmentzekoa da aurrerapen argia erregistratu dela aurreko aldiekin alderatuta; izan ere, arrazoi humanitarioengatiko 39.776 baimen eman ziren, gehien-gehienak Venezuelako nazionalitatea zuten pertsonei, eta neurri oso txiki batean Ukraina, El Salvador, Honduras eta Kolonbiako lagunei.

“Defendaezina da Espainiak zirkulazio-bisa bezalako eragozpenak ezartzea gatazka larriak bizi dituzten herrialdeetatik ihes egiten dutenei. Izan ere, pertsona horiek gure herrialdean asiloa eskatzeko duten aukera bakarra da beren bizitzak pertsonekin trafikatzen dutenen esku jartzea”, nabarmendu zuen CEAReko zuzendari Estrella Galánek.

Zentzu horretan, CEARek adierazi du oso kezkagarria dela ikustea soilik asilo-eskaeren % 6a aurkeztu dela muga-postuetan (7.020), eta soilik 307 enbaxada eta kontsulatuetan, eta esklusiboki senideentzako luzapenak eskatzeko. Horrek agerian uzten du Espainiako mugetara sarbidea ahalbidetzeko lege-bideak falta direla, itsaso bidez, aire bidez edo lurretik, bereziki Ceuta eta Melillako asilo-bulegoetarakoa, Saharaz hegoaldeko pertsonentzat.

“Zoritxarrez, errefuxiatuek ez dute oraindik gure enbaxadetatik lekualdatzea eskatzeko aukerarik, asiloa eskatzeko; legeak neurri hori aurreikusten du, eta giza kostu infinitua duten bidaiak ekidingo lizkieke milaka pertsonei”, azaldu dute erakundeko kideek. Bien bitartean, eskaeren % 2 bakarrik gauzatzen dira Atzerritarrak Barneratzeko Zentroetan (ABZ).

CEARen iritziz, datu orokorrak ez dira onak, baina bereziki kezkagarriak dira ardatza jartzen baldin badugu Kolonbiatik edo maren indarkeria nagusi den herrialdeetatik ihes egiten duten pertsonen asilo-ukapenetan, edo “Aquarius” eta “Open Arms” itsasontzietan gure herrialdera iritsi ziren pertsonei nolabaiteko babesa ez aitortzean, Libian bizitako infernutik ihesean zetozela.

Eskaeren marka: berriak eta ebazteke

2019an, asilo-eskaeren marka hautsi zen Espainian. Guztira, 118.264 eskaera jaso ziren, 2018an jasotakoen bikoitza baino gehiago. Hauek izan ziren eskaera kopuru handiena egin zuten nazionalitateak: Venezuela (40.906), Kolonbia (29.369), Honduras (6.792), Nikaragua (5.931) eta El Salvador (4.784). Horiek horrela, eskaeren % 80 Latinoamerikako pertsonek aurkeztu zituzten.

“Espainiak ezarritako bisen politika gure herrialdeko asilo-eskatzaileen profila zehazten ari da, Siria, Yemen edo Palestina bezalako herrialdeetatik datozen pertsonen iritsiera izugarri zailtzen baitu, zirkulazio-bisa bat ezartzearen ondorioz. Eta, horrela, erabakiak mugen kontrolerako hautaketa-tresna bilakatzen dira praktikan”, salatu zuen Galánek.

Asilo eta Babes Bulegoaren (ABB) ahalegin materialaz eta giza ahaleginaz gain, ebazteke dauden espedienteen pilatzea gero eta handiagoa izan da, eta Barne Ministerioko datuen arabera, 2019aren bukaeran, 124.025 ziren guztira. “Premiazkoa da, eskatzaile guztien berme indibidual guztiei eutsiz, Espainiak espediente horien ebazpenak eta jakinarazpenak arintzea”, erreklamatu zuen Galánek.

CEARek nabarmentzen du eskaeren areagotze hori eragin duten arrazoi nagusietako bat izan dela behar bezalako migrazio-politikarik ez egotea. Zentzu horretan, migrazio ordenatuari begirako eskuragarritasun eta malgutasun ezak (Nazio Batuen Migrazioei buruzko Mundu Hitzarmenak jasotzen duena) eragiten du Espainian sartu eta bertan geratzeko bide bakarra nazioarteko babesa eskatzeko prozesuaren bidezkoa izatea, eta horren ondorioz, asilo-sistema erabat betetzen da.

Más que cifras: Samuel

37 urteko Samuelen (fikziozko izena) eta bere familiaren etorkizuna ebazteke dauden 120.000 espediente baino gehiagoren arteko baten menpe dago. Aktibista kolonbiarra da, eta Águilas Negras talde paramilitarraren aldetik mehatxuak jaso zituen, bere herrialdeko hainbat lekutan. Barajaseko aireportuan atzera bota ondoren, asilo-eskaera ukatuta, 2019ko martxoan lortu zuen Espainiara itzultzea, eta oraingoan bai, eskaera onartu zitzaion.

“Herrialdeak harrera egitea eta babesa ematea espero dut. Egokitzapen-prozesua ez da erraza, baina espero dut hemen aurrera egin ahal izatea, eta emaztea eta bi alabak nirekin ekarri ahal izatea”, adierazi zien CEAReko kideei, kamerari bizkarra emanda, paramilitarrek Kolonbian dituen senideei egin diezaieketenaren beldurrez.

Informazio osagarria

  • Asilo-eskatzaileen % 55 gizonak ziren, eta % 45 emakumeak.
  • Eskatzaileen guztizkoaren % 20a adingabeak ziren (22.373), eta eskatzaileen erdia (59.311) 18-34 urte bitartekoa.
  • Autonomia-erkidegoka, hau izan zen eskatzaileen kopurua: Madril 55.118, Katalunia 13.270, Andaluzia 10.422, Valentziako Erkidegoa 7.501, Euskadi 4.826, Melillako Hiri Autonomoa 4.273, Galizia 3.668, Kanariak 3.095, Murtziako Eskualdea 2.748, Gaztela eta Leon 2.745, Aragoi 2.651, Gaztela-Mantxa 1.612, Asturiasko Printzerria 1.269, Balear Uharteak 882, Nafarroa 709, Ceutako Hiri Autonomoa 577, Kantabria 514, Extremadura 468, Errioxa 344.
  • Infografia guztiak kontsultatu eta deskarga ditzakezu webgune honetan: masquecifras.org.