CEAR-Euskadik antolatuta Arabako Foru Aldundiko Babesarekin, ekimenaren helburua da lurraldeko udalerrietan zurrumurru xenofoboetatik libre dagoen kultura ezberdinen arteko elkarbizitza sustatzea

Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 10a. Aiara, Kanpetzu-Arabako Mendialdea eta Arabako Lautadako kuadrillek bat egingo dute lehenengo aldiz “Bizilagunak, aldameneko familia” izeneko ekimenarekin. Gasteizen ere hirugarren urtez parte hartuko dute kulturen arteko jaialdi honetan. Hitzordua hurrengo igandean izango da, azaroak 13. CEAR-Euskadik antolatuta Arabako Foru Aldundiko Babesarekin, ekimenaren xedea da parte hartzaileek  eraits ditzatela elkarri buruz izan ditzaketen aurreiritziak eta estereotipoak  eta Araban kultura ezberdinen arteko elkarbizitza sustatzea.

Ekimena honetan datza: bi familia, bat bertakoa eta bestea errefuxiatua edo migratzailea, bataren edo bestearen etxean elkartzea,  elkarrekin egon, elkar ezagutu eta zurrumurru xenofoboen oinarria izaten diren aurreiritziak desegiteko. Gauza bera gertatuko da Euskal Herriko, Europako eta munduko herri eta hirietako beste hainbat etxeetan.

Guztira 721 lagunek eta 227 familiek izena eman dute: 93 bazkari izango dira Gasteizen (420 lagun), Agurainen (103), Araian (58), Dulantzin (39), Maeztun (54), Santikurutze Kanpezun (11), Amurrion (31) eta Laudion (5 lagun). Jatorriz Euskal Autonomia Erkidegokoak diren familiez gain, beste hainbat jatorrietako pertsonek parte hartuko dute, hala nola: Maroko, Sahara Mendebalde, Dominikar Errepublika, Ekuador, Portugal, Ukraina, Kuba, Senegal eta Italia, besteak beste.

Rosabel Argotek, CEAR-Euskadiko arduraduna Araban,  hauxe nabarmendu du: “Bizilagunak aukera bikaina da Arabako herritarrek dagoeneko hemen bizi diren errefuxiatuekiko elkartasuna erakuts dezaten. Europako mugetako ateak irekitzeko aukera ez dago gure esku, baina ongi etorria eman ahal diegu gure etxeetan, gure gogoa zabalduz bide batez”.

Bestalde, Nekane Zeberiok, Arabako Ahaldun Nagusiaren kabineteko zuzendariak, azpimarratu du Foru Aldundiak  bere gain hartua duela kulturen arteko elkarbizitza, errespetuan eta dibertsitatean oinarritzeko eta sustatzeko konpromisoa. “Arabako gizartea geroz eta interkulturalagoa da, gure lurraldearen oraineko eta etorkizuneko errealitatea islatuz. Arabako Foru Aldundiak heldu egin behar dio, eta heldu egin nahi dio errealitate horri. Bizilagunak bezalako elkarlan proiektuak sustatuz, jatorri eta kultur ohitura ezberdinetako pertsonen arteko elkar ezagutza eta errespetua sustatzea dugu helburu. Gaurtik bertatik bidea eginez, errespetuan oinarritutako kulturen arteko elkarbizitza sustatzea, etorkizuneko Araba eraikitzea da.”

Prentsaurrekoan izan dira, halaber, parte hartuko duten bi familietako ordezkariak. Rodrigue Bembide, Ertafrikako Errepublikakoa, honako mezu hau nabarmendu du: “”Errefuxiatuak bizkar zorroa beteta heltzen gara. Arabak babesa eskaini digu, eta eskerrak eman nahi dizkiegu beren etxe eta bihotzetako ateak irekitzen dizkiguten pertsonei. Gure etxeetatik urrun bizitzea, jakinik gure familiak han bizi direla gerra odoltsuen jazarpena pairatzen, oso samingarria da guretzat. Eskerrak eman nahi dizkiegu hemen laguntzen diguten pertsonei. Jendearen adiskidetasunak, bizi garen hiri eta herrietako parte garela sentiarazten digu eta”.

bizilagunak-rueda-de-prensa

Mikel Maestre gasteiztarrak ekimenarekin zergatik egin duen bat azaldu du: “Sarritan, atzerritarrekiko beldurra edo aurreiritziak sentitzen ditugu eta baita alderantziz ere, atzerritarrek behar bada aurreiritziak izango dituzte hemen jaio garenekoekiko. Elkar ezagutzen ez garelako dela uste dut .Eta horregatik, nire familiak, nire kuadrillak eta nik neuk ere gogo handia daukagu egun horretan parte hartzeko eta beste familia errefuxiatu bat ezagutzeko.  Harro sentitzen gara ekimen goxo honetan parte hartzeko aukera izateagatik”.

Kultur eta kirol arloko pertsonaien babesa

Ireki zure etxeko ateak, zabaldu zure gogoa! Izan Bizilaguna!” lemapean, jatorri ezberdinetako lagunek ekimenean parte hartzeko gonbitea ondoko bideoan luzatzen dute:  https://www.youtube.com/watch?v=Jx5cWz95Ni0 Beraien artean, Bernardo Atxaga idazlea, Lourdes Oiarbide txirrindularia eta Maider Unda borrokalaria aurkitzen ditugu. Bertan, etorkinen inguruko zurrumurru xenofoboei ateak ixteko gonbitea luzatzen dute.

 

Guardar