Laugarren urtez segidan eta lurraldeko Zurrumurruen aurkako Estrategiaren testuinguruan, CEAR-Euskadik eta Arabako Foru Aldundiak Bizilagunak bazkariak antolatu dituzte, datorren azaroaren 17an (igandea) egitekoak direnak.Egun horretako bazkarian, Arabako hainbat etxe eta txokotan jatorri kultural ezberdinetako familiak batuko dira, igandeko bazkaria partekatzeko eta zurrumurru arrazista eta xenofoboak alde batera uzteko, kultura arteko bizikidetzaren alde.

Virginia Cid CEAR-Euskadiko kideak espazio horien garrantzia azpimarratu du: “Gezurrezko zurrumurru arrazistak, diskurtso politiko populistak eta xenofobiaz betetako iritzi publikoa ari gara bizitzen une hauetan. Horregatik, Bizilagunak ekimenak sekulako garrantzia du kultura-aniztasunerako espazioak sortzeko iniziatiba komunitario eta kolektibo gisa. Horrez gain, ekintza politiko bat da kultura-nahasketaren alde eta diskriminazioaren aurka”.

Nerea Melgosa Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendariak kultura arteko bazkariak Arabako Foru Aldundiaren Zurrumurruen aurkako Estrategiaren barruan kokatu ditu; duela hiru urte jarri zuen abian Foru Aldundiak ekimen hori. “Emaitzei esker, egindako lanaren irudi positiboa lortu dugu, eta argi geratu da zubiak sortzen, elkar ezagutzen, hitz egiten eta partekatzen jarraitu behar dugula, aurreiritziak eta zurrumurruak alde batera utzita. Ildo horretatik jarraitu behar dugu. Arabako Foru Aldundiaren apustua kultura, jatorri eta erlijio ezberdinetako pertsonen arteko elkarbizitza sustatzea da”, laburbildu du.

Prentsaurrekoan Nora Reyesek eta Angelines Ortiz de Arrizabaletakere parte hartu dute, familien ordezkari gisa. Biek hartu zuten parte Bizilagunak ekimenaren aurreko edizioetan, eta aurten ere bertan egongo dira, anfitrioi gisa.

Aurreko urtean 44 nazionalitatetako 1.000 pertsona batu ziren ekimenera Araban; eta 2.500 pertsona eta 58 nazionalitate, Euskal Herri osoan egindako bazkarietan.

Araban, honako udalerri hauetan egingo dira bazkariak: Santikurutze Kanpezu, Arraia-Maeztu, Amurrio, Laudio, Artziniega, Agurain, Araia, Dulantzi eta Gasteiz. Izena emateko epea azaroaren 7an amaituko da. Esteka honetan topa daiteke ekimenari buruzko informazioa: https://www.cear-euskadi.org/bizilagunak-una-convivencia-culturas-sin-rumores-xenobofos/

Aurtengo edizioan parte hartuko duten familia guztiei eskerrak emateko ekitaldia azaroaren 30ean izango da UPV-EHUko Letren Fakultatean.