Aurten ere, jada ohikoa dugun Bilbao Refugio lasterketa solidarioa antolatu du CEAR-Euskadik, baina osasun-egoera dela eta, oraingoa ez da presentziala izango. Laugarren lasterketa hau birtuala izango da, eta aukera izango dugu errefuxiatuen alde munduko edozein lekutan lasterka egin edo ibiltzeko, uztailaren 10etik 26ra bitartean.

Izen-emateak 5 euro balio du, eta oso erraz egin daiteke, webgune honen bidez: www.bilbaorefugio.org. Ibili edo lasterka egin daiteke, 5 edo 10 km, bakarka edo norbaitekin. Egindako kilometro guztiak izena eman duen pertsonaren profilera igoko dira, eta parte hartu duten guztien ranking orokorrari batuko zaizkio. Izen-emate bakoitzak inprimatzeko dortsal bat jasoko du posta elektroniko bidez, eta erronka betetakoan, parte hartu izanaren diploma jasoko du. Izen-emateen bidez lortutako diru guztia CEAR-Euskadik errefuxiatuen alde egiten dituen proiektu eta programetara bideratuko da.

Pedro Vacaflor lasterketaren koordinatzailea da, eta azaldu duenez, “ibilaldiaren helburua da pertsona errefuxiatuek bizi duten egoera ikusarazten inplikatzea herritarrak. Pertsona horiek ihesi datoz, gerratik, miseriatik eta era askotako jazarpenetatik ihesi. Auzokideak ditugu. Euskadin duela ez asko egokitu zitzaigun babes bila erbestera joatea; orain, babesa ematea dagokigu”.

Bilbao Refugio lasterketa 2014an sortu zen, Óscar Pasarín ultramaratoi-lasterkariaren erronka baten bidez. 10 egunean ia 600 km egin zituen euskal mendietan barrena, eta ibilaldiaren amaieran herritarrak batu zitzaizkion Bilbon zehar. Erronka haren bidez zera lortu nahi zuen Pasarínek: errefuxiatuek leku seguru batera iritsi bitartean egin behar izaten duten bide oztopoz betea ikusaraztea modu sinbolikoan. Hurrengo hiru urteetan ere Óscarrek egoera horiek ikusarazi zituen bere erronkaren bidez. Azkenekoan, 2017an, 7 egunean 1.000 km egin zituen Bilboko itsasadarrean, eta azken 5 km-etan 600 pertsona izan zituen ondoan, errefuxiatuen alde lasterka. Lehenbiziko Bilbao Refugio lasterketa bihurtu zen hura.

Laugarren urtez jarraian, lasterketa diruz lagundu dute Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak eta Bilboko Udalak, eta lasterketaren laguntzaile da Purple PWR.

Hementxe ikusi ditzakezu lasterketaren bideoak: