Pandemiak eragindako osasun-krisiak ezinezko bihurtu du igande honetan, azaroaren 15ean, Araban Bizilagunak ekimeneko kultur arteko otordu tradizionalak modu presentzialean egitea. Jarduera hori lurraldeko zurrumurruen aurkako estrategiaren parte da, Foru Aldundiak sustatzen du, eta CEAR-Euskadik antolatzen, gauzatzen den udalerrietako zurrumurruen aurkako eragile-sarearen laguntzarekin.

Bizilagunak programaren xedea da aurretik elkar ezagutzen ez duten eta kultura desberdinetakoak diren familiak elkartzea, igandean otordu bat partekatzeko eta, hala, zurrumurru arrazista eta xenofoboak suntsitzen dituzten harremanak garatzeko.  Joan den urtean, otordu horiek 46 herrialdetako 1.082 pertsona elkartu zituzten lurralde osoko etxe eta txokotan antolatu ziren 72 otordutan.

“Pandemiak ezarri dizkigun mugek ez digute eragotziko Bizilagunak proiektuarekin aurrera jarraitzea”, azaldu du Nerea Melgosak, Arabako Foru Aldundiko Giza Eskubideak eta Berdintasuna Saileko zuzendariak. “Sinetsita gaude aurretik elkar ezagutzen ez duten eta kultura desberdinetakoak diren familiak elkartzea modu eraginkorra dela gure herriaren kultura aniztasuna aldarrikatzeko; izan ere, aniztasun horrek aberastu eta harrotu egiten gaitu”. Nerea Melgosak eskerrak eman nahi izan dizkie haien errezetekin esperientzia berri honetan parte hartu duten familiei. “Bizilagunak bertan parte hartu duten familiei esker izan da posible; urtez urte haien bizitzak eta ateak ireki dizkiete kultura desberdinetako herritarrei. Orain, haien errezeta-koadernoak ireki dituzte, errezetak parteka ditzagun”.

“Badakigu momentuz ezin dugula ez mahairik ez otordurik partekatu. Hala ere, gure burua berrasmatzen eta elkarrekin nahasten jarraitu nahi dugu; horregatik sortu dugu Bizilagunak: ondokoen errezeta-liburua”, azaldu du Virginia Cidek, CEAR-Euskadiko Eragina arloko teknikariak. Agurain, Amurrio, Araia, Artziniega, Arraia-Maeztu, Laudio eta Kanpezuko herritarrek osatutako errezeta-liburu bat da. “Osagai berezia plater bakoitzari loturiko pasadizoa da; izan ere, errezeta hori topaketa baten, istorio baten, begirada baten edo hurbilketa baten konplizea izan zen Bizilagunak programaren bitartez aurreko urteetan antolatutako otorduetako batean”, gogorarazi du Cidek.

Errezeta-liburuaren ideia da hainbat errezeta partekatzea eta herritarrak animatzea haien etxeetan janaria prestatu eta dastatu dezaten, Bizilagunak ekimenari egindako omenaldi gisa.

HEMEN deskarga dezakezu errezeta-liburua.

Gosegarri gisa, hau da bertan aurkitu ahalko duzun menua. On egin!

Hasierakoak

Liztor eta hibisko zukua. (Ghana)

Garizko ogia (munduko sukaldaritza)

Ogi-opiltxoak (Errumania)

Hornigai eta gehigarriak

Patacones (Kuba)

Juka frijitua (Panama)

Pakora (Pakistan)

Arroza eta cous-cousa

Jollof arroza oilaskoarekin (Nigeria)

Arròs Negre alkatxofekin (Pais Valenciá)

Haragi paella (Euskal Herria)

Cous-cousa (Iparraldeko Afrika. Mendebaldeko Saharako errezeta)

Haragia

Kebbeh halabí (Siria)

Oilaskoa laranjarekin (Euskal Herria)

Txerri masa frijituak (Kuba)

Aguraingo bakailaoa  (Euskal Herria)

Msemen postreak (Maroko)

Goxua (Euskal Herria)