Zehar-Errefuxiatuekin elkartearen jarrera Ukrainako herritarrek bizi duten krisi humanitarioaren aurrean

Egunero haziz doa Ukrainatik alde egin behar izan duten pertsonen kopurua. Momentu honetan (2022-03-08), UNHCR elkartearen datuen arabera, 1.7 milioi pertsona baino gehiagok utzi behar izan dute Ukraina gatazkaren ondorioz. Gehienak herrialde mugakideetara joan dira. Une honetan, Polonia da iheslari gehien jasotzen ari den gertuko herrialdea. Gainerakoak Hungariara, Moldaviara eta Errumaniara abiatu dira. Denak mugitzen ari dira lurreko bideetatik, izan ere, herrialdeak aireko mugak itxi ditu. Uste da 4 milioi pertsona inguru herrialdea uztera behartuta egongo direla. Gehienak emakumezkoak eta haurrak dira, gizonezkoak armadarako errekrutatuak izan baitira.

Ez dira errespetatzen ari pertsonak modu seguruan herrialdetik atera ahal izateko adostutako korridore humanitarioak.

Premiazkoa da korridore horiek errespetatzea, inguruko mugak irekita egotea, Europak erantzun bat ematea larrialdi humanitarioari, eta estatu kideek gatazkatik ihes egiten duen biztanleriaren exodo osoa hartzea, elkartasun- eta proportzionaltasun-printzipioei jarraituz.

Ukrainako gerrari buruz dugun iritzia irakur dezakezu HEMEN.

Familia ukrainar eta kazetarien arteko topaketa Oñatiko Larraña Etxean

Natasha eta Ksenia ama-alabak dira, eta joan den astean iritsi ziren Oñatira, Ukrainatik ihesi. Ksenia, bere seme-alabekin Larraña Etxean hartutako beste emakume bat da, eta bera duela gutxi iritsi da Euskadira gerratik ihesi baita ere. Gaur, zentrora hurbildu den prentsari erantzun diote, bertako errealitatea bertatik bertara ezagutzeko, Arantza Chacón, Zeharreko zuzendariak eta Xabier Legarreta, Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak lagunduta.

Oksana Kievetik oso gertu dagoen Irpin herri txikitik irten zen otsailaren 24an. Goizaldean, senarrak gerra hasia zela jakinarazi zion. Azken unera arte, gerra ez zela helduko itxaropenari eutsi ziola dio, eta ez zela izan soldadu errusiarrak bere herrira nola iristen ziren ikusi zuen arte, benetan gertatzen ari zela jakin zuenean. Hori gertatu bezain laster, suhiaren kotxea hartu eta alde egin zuen bere alaba Natasha eta bilobarekin, gauzarik funtsezkoenak bakarrik eramanez.

Euskadira iritsi eta duela urte batzuk harrera-programa batean ezagutu zuen familia batekin topo egiteko aukera izatea zen bere asmoa. 3.000 kilometro baino gehiagoko bidea egin dute Euskadira iritsi arte, eta bertan daude martxoaren 4tik. Bere senideak, senarra, semea eta suhia Ukrainan geratu dira.

Bere herriak familia askoren etxea izateari utzi dio eta gune estrategikoa bihurtu da. Kontatzen du soldadu errusiarrak nonahi daudela, eraikin, zubi eta errepide asko suntsitzen ari direla maniobra militarren ondorioz, eta inguruan jarraitzen duten zibilak hiltzeko beldur etengabearekin bizi direla. Bere herriko aterpeetan zeuden 50 haurretatik 13 militarren tiroek harrapatu dituzte.

Oksanak alde egin zuen egunean, Kseniiak ere Vishgorodeko bere etxetik joan zen. Hiru seme-alabaren ama ezkongabea da, eta joan aurreko uneak beldurrarekin gogoratzen ditu. Umeak izututa zeuden hegazkinen eta bonbardaketen zaratarekin, eta berak ez zekien zer egin. Lagun batek esan zion Frantziara bidean jarriko zela bi seme-alabekin, amaginarrebaren etxean onik egon zitezen, eta orduan erabaki zuen berarekin joatea.

Bere bidea ere oso luzea izan da, errepidez, auto bakarrean eta bost adingaberekin. Frantziara iristean bere lagunarengandik banandu zen, bera han geratu zen eta Kseniia bere seme-alabekin iritsi zen Euskadira. Kontatu duenez, bere lagunaren eskaintza izan zen Ukrainatik bakarrik eta hiru haurrekin irtetea lortzeko aukera bakarra, baina ezin du ekidin ezinduta sentitzea, jakinda ama eta beste lagun batzuk, Ukrainan jarraitzen dutela bihar zer gertatuko den jakin gabe.

Ukrainako gerrari buruz dugun iritzia irakur dezakezu HEMEN.

Topaketaren argazkiak HEMEN ikusi ditzakezu.

Euskal erakunde eta alderdi politikoei eskatzen diegu EB presionatu dezatela, Ukrainatik ihes egiten ari diren pertsonentzako legezko bide seguruak ezarri ditzan

Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak (lehengo CEAR-Euskadi) eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta gainerako euskal erakundeei, bai eta Europako Parlamentuan eta Diputatuen Kongresuan ordezkaritza duten Euskadiko alderdi politiko guztiei ere, presioa egin dezatela, beren eskumenen neurrian, EBko estatu kideek erantzun solidarioa eman diezaieten Ukrainatik ihes egin behar duten pertsonei, larrialdi humanitarioaren ondorioz.

Gehiago Irakurri

Asilo-eskaerak % 44 murriztu dira Euskadin

Zehar Errefuxiatuekin (lehen CEAR-Euskadi) elkarteak gaur goizean aurkeztu ditu 2021eko Euskadiko asilo-datu batzuk (iturria: Barne Ministerioa). Euskal Autonomia Erkidegoan asilo-eskaerak % 44,1 gutxitu ziren azken urtean; 2020an 3.085 eskaera izan ziren, eta 2021ean, aldiz, 1.724. Lurraldeei dagokienez, Bizkaian 879 tramite egin ziren, Gipuzkoan 549 eta Araban 296.

Gehiago Irakurri

Zehar erakundeak giza eskubideen defendatzaileek Kolonbian bizi duten arrisku-egoera salatzen du

Giza Eskubideak Behatzeko Euskal Ordezkaritzak Kolonbiara egin berri duen bisita dela eta, Zehar-Errefuxiatuekin (lehengo CEAR-Euskadi) erakundeak egiaztatu du herrialdean, hauteskunde aurreko garai honetan, gatazka gogortu egin dela, eta horrek arrisku handiagoa ekarriko duela lurra defendatzen duten pertsonen eta komunitateen bizitzarako; herri indigenak, herri beltza eta nekazari-komunitateak dira indarkeriaren eta gatazkaren biktima nagusiak.

Gehiago Irakurri