Bigarren urtez jarraian, ZEHAR errefuxiatuekink eta ner groupek lankidetza-hitzarmena sinatu dute, errefuxiatuei lan-munduan sartzen laguntzeko. 2017an, Konektatu Ner programa gauzatu zen, ner groupeko langileen eskutik, haren boluntariotza korporatiboaren bidez. Taldean lan egiteko zenbait tailer eskaini ziren, errefuxiatuei, etorkinei eta aberrigabeei zuzenduta, haien gaitasunak hobetzeko eta lana aurkitzeko tresna gehiago izateko: enplegu-atarien berri izateko eta haiek erabiltzen jakiteko, laneko elkarrizketak prestatzeko, lan-merkatua ezagutzeko… Bigarren aldi honetan, aholkularitza-programa bat ere eskainiko du ekimenak. Helburua da harrera on bat izaten laguntzea, eta gizartean eta lan-munduan sartzen laguntzea.

Enplegua eskuratzeko zailtasunak

Errefuxiatuak hutsetik hasten dira harrerako herrialdean, eta enplegu bat eskuratzea funtsezkoa da bizitza berri bati ekin ahal izateko. “Enplegu bat izateak beren autonomiari, autoestimuari, ongizateari eta integrazioari laguntzen dio. Hartu dituen gizartearen parte sentitzen dira, eta gizarte horri ekarpena egiten diote”, azaldu du Silvia Urquijok, ZEHAR errefuxiatuekinn esku-hartzeko teknikari denak. Alabaina, enpleguren bat eskuratzeko zailtasunak izan ohi dituzte, zenbait arrazoirengatik, baina batik bat harrerako herrialdean prestakuntzarik eta lan-eskarmenturik ez edukitzeagatik. “Jatorriko herrialdean goi-mailako edo unibertsitateko ikasketak izan arren, harrerako herrialdean titulu horiek homologatzeko dokumentuak eskuratzea benetan zaila da”. Hala, askotan, lanpostu prekarioetan eta beren prestakuntza-maila baino baxuagoko lanpostuetan aritzen dira.

Hori da, esaterako, Hmednah-en kasua. Aberrigabe sahararra da, eta Euskadin bizi da 2014ko urritik. Konektatu-Ner programaren lehen edizioan parte hartu zuen, iaz, “laneko elkarrizketak nola egiten diren ikasi nuen, eta haiek gainditzeko trikimailu batzuk ere bai”. Hmednahek enpresa-ikasketak egin zituen Aljeriako unibertsitatean. Hemen, Euskadin, batxilergoa bakarrik homologatu ahal izan du oraingoz. Gaur egun, supermerkatu batean egiten du lan, egun erdiz, eta prestatzen jarraitzen du. “Bizitzeko lan egitea gustatzen zait; bat gehiago naizela sentitzeko. Ni Euskadira ez nintzen etorri laguntzak eskatzera, baizik eta lanera eta gizarte honi ekarpena egitera”, dio Hmednahek.