CEAR-Euskadiko zenbait ordezkari Hondurasetik itzuli berri dira. Bertan izan dira, hain zuzen, Hondurasko giza eskubideen egoera behatzeko Euskadiko Ordezkaritzaren misioan parte hartzeko (2019ko urtarrilaren 27tik otsailaren 1era). Bidaia hori Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Programan parte hartu duten pertsonei eginiko segimenduaren barruan gauzatu da. 2018an programan parte hartu zuen pertsona bat Hondurasko Atxilotuen eta Desagertuen Senideen Batzordeko (COFADEH) kide da. Aste honetan zehar, Ordezkaritzak bilerak egin ditu hainbat erakunde, giza eskubideen GKE eta gizarte-mugimendurekin, Erdialdeko Amerikako herrialde horretako giza eskubideen egoera zein den aztertzeko.Euskadiko Ordezkaritzan erakunde hauetako zenbait kidek hartu dute parte: Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza, Eusko Legebiltzarra, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia, eta Mundubat eta CEAR-Euskadi GKEak.

Euskadiko Ordezkaritzaren bisitaren aurretik, CEAR-Euskadik “El abrazo” izeneko elkartasun feministako misioan ere hartu zuen parte. Misio hori 13 herrialde baino gehiagotako 52 emakume defendatzailek osatzen dute. Emakume horiek guztiak askotariko 28 erakundetako kideak dira: gizarte erakundeak, erakunde feministak, nekazarienak, indigena eta beltzenak, eta LGTBI komunitateko kideenak. Misioa Erdialdeko Amerikako Emakume Defendatzaileen Ekimenak eta Hondurasko Giza Eskubideen Emakume Defendatzaileen Sare Nazionalak antolatu du.

Ondorioak

Egiaztatu dugu milaka pertsona egoera oso zailean daudela, beren etxeak utzi behar izan dituztelako, hainbat arrazoi direla medio: pobretze orokorra, indarkeria feminizida, LGTBI herritarren kontrako indarkeria, marek sortutako indarkeria, oposizio politikoari eginiko jazarpena eta lurrak kentzea, erauzketa-industrien eraginez.

Pertsona horietako gehienak egunero ateratzen dira karabanetan, bakarka edo taldean. Hurrengo karabana otsailaren 16an aterako da San Pedro Sulatik, lelo honekin: “Buscamos refugio, en Honduras nos matan” (Babesa behar dugu, Hondurasen hil egiten gaituzte).

Kezkatuta gaude giza eskubideen defendatzaileek, indigenek, Afrikarren ondorengoek, nekazariek, lurraren eta lurraldearen defendatzaileek, aniztasun sexualaren defendatzaileek, emakumeen eskubideen defendatzaileek eta dibertsitate funtzionalaren defendatzaileek jasan behar dituzten egoera latz guztiengatik: mehatxuak, kriminalizazioak, judizializazioak, estigmatizazioak eta indarkeria horien guztien ondoriozko lekualdaketa behartuak.

Kezkagarria da, halaber, zer-nolako zigorgabetasuna dagoen halako indarkerien aurrean, bereziki lurra, lurraldea eta ondasun komunak defendatzen dituzten indigena eta nekazarien kasuan, baita LGTBI pertsonen eta emakumeen giza eskubideak defendatzen dituzten elkarteen kasuan ere.

CEAR-Euskadik hau eskatzen die Hondurasko erakundeei:

  • Giza eskubideen defendatzaileak babesteko betebeharra betetzeko, eta haiek bizitza defendatzeko eta gizarte bidezko eta zuzenagoa eraikitzeko egiten duten borroka aitortzeko.
  • Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) 169. hitzarmena aplikatzeko.
  • Emakumeen aurkako Diskriminazio Mota Guztiak Deuseztatzeko Hitzarmenaren (CEDAW, ingelesezko siglengatik) Hautazko Protokoloa berresteko.

Eskerrak

CEAR-Euskadik eskerrak eman nahi dizkie COFADEHri, Vía Campesina elkarteari, Landako Langileen Koordinakunde Nazionalari (CNTC), Erdialdeko Amerikako Emakume Defendatzaileen Ekimenari eta Hondurasko Giza Eskubideen Emakume Defendatzaileen Sare Nazionalari etengabe borrokan jarraitzeagatik, guri harrera ona egiteagatik eta erakutsi duten eskuzabaltasunagatik, beren sufrimenduak eta gizartea eraldatzeko itxaropenak gurekin partekatuz. Eskerrik asko, bereziki, lenca eta maya chortí herri indigenari eta Berta Cáceresen familiari, agerian uzten baitute errebeldia erakusteko eta matxinatzeko modurik onena alaitasunari eustea dela.

Informazio gehiago

Euskadiko Ordezkaritzaren prentsa-oharra: https://www.irekia.euskadi.eus/mobile/eu/news/51711

“El Abrazo” misioari buruzko prentsa-oharra: http://im-defensoras.org/2019/01/comunicado-mision-internacional-feminista-el-abrazo/