«Motxila hau osagarri bat baino askoz gehiago da. Poltsikoak eta heldulekuak ditu, baita diseinu polit bat ere. Hala ere, ez da edonolako motxila. Dirudiena baino askoz pisu handiagoa du». Horrela hasten da «Bizitzeko ihes egin. Bizitzak soinean». Kanpaina horren bidez, agerian jarri nahi dira krimen antolatuaren indarkeriagatik (marak, narkotrafikoa, estatuko agenteak eta agente paraestatalak) Euskadin babesten diren hondurastar eta salvadortar askoren ihes egiteko arrazoiak. Bereziki, emakumeak eta LGTBIQ+ pertsonak jazartzen dituzte, aipatutako delinkuente-taldeak oso matxistak baitira.

Eta, hemen, webgunea: https://historiasconmuchopeso.cear-euskadi.org/eu/

Fabián eta Kimoraren istorioak

Fabián hiri baten auzoetako batean bizi zen Hondurasko gazte bat da: «Azken urteotan, auzoa suntsitu egin da. Gaizkile-taldeak, narkotrafikoa, talde paraestatalak eta parapolizialak… edonon zeuden. Ezer baino lehen, gaztea izateagatik jazartzen zintuzten. Nire kasuan, gaya naizela gehitzen zitzaion horri, eta, horregatik, beste arazo batzuei egin behar izan nien aurre: umiliazioak, diskriminazioa, ahozko indarkeria zein indarkeria fisikoa, irainak, isekak… Herrialdetik ateratzera behartu ninduten».

Kimora Hondurasko emakume trans bat da, eta ez zuen inoiz imajinatuko bere herrialdetik ihesi atera beharko zuenik: «Talde antisozialek nire familiarengandik aldendu ninduten, nire auzotik, nire proiektuetatik, nire herrialdetik… Ihes egin behar izan nuen eraila ez izateko. Guk, emakume transok, jasaten ditugu gorroto-krimen gehien». Gaur egun, Kimora Euskadin bizi da, eta orain dela gutxi jaso du Errefuxiatu izaera.

Hainbat datu

Honela jazartzen dituzte goian aipatutako kolektiboak maizen eta gehien: derrigorrezko errekrutatzeak, estortsioak, indarkeria sexuala, derrigortutako ezkontzak, torturak, eta pertsonen salerosketa eta trafikoa, besteak beste.

Hori dela eta, 2017 eta 2018 bitartean, El Salvador izan zen munduan asilo-eskatzaile berri gehien dituen seigarren jatorri-herrialdea, eta Honduras, zortzigarrena. Espainiako estatuan, Hondurasko eta El Salvadorko pertsonen asilo-eskaerak urtero hazten dira esponentzialki: 2014an 115 ziren; 2018an, berriz, 4.685; eta, 2019an, azkenik, 11.676. Epe horretan, Honduras Espainiako estatuan babesa bilatu zuten pertsonen hirugarren jatorri-herrialdea izatera igaro zen. El Salvador, aldiz, bosgarrena.

Neurri handi batean, antolatutako krimenak gauzatutako indarkeriak areagotu egin direlako hazi da horrenbeste eskaeren kopurua.

Dena den, eta datu horiek izanda ere, asiloa ia modu sistematikoan ukatzen da. 2019an beren asilo-espedientea ebatzi zen hondurastarren % 79,5ek eta salvadortarren % 88,5ek ez zuen inolako babesik jaso.

ZEHAR errefuxiatuekink Espainiako estatuari eskatzen dio ihes egiten duten pertsonen jazarpen sistematikoa aitortu dezan eta asiloa eman diezaien.

«Bizitzeko ihes egin» kongresua: krimen antolatuaren aurrean babesteko aliantzak eraikiz

Gaur hasi eta abenduaren 3a arte, ZEHAR errefuxiatuekink, Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, «Bizitzeko ihes egin» kongresu birtuala antolatu du. Bertan, El Salvadorren eta Hondurasen dagoen krimen antolatuak gauzatutako indarkerien ondoriozko lekualdatze behartuak landuko dira. Horrez gain, Mexikon barna egindako joan-etorriak ere aztertuko dira, bertan ere presente daudelako goian aipatutako indarkeriak. Kongresuaren inguruko informazio gehiagorako sakatu HEMEN.