Harreman-estilo berri bat sortzeko asmoz sortu dute programa, “Konektatu NER (Harreman Estilo Berriak)”, jendea “konektatu” nahian, hain zuzen: enpresa-munduko jendea, ekintzaileak, unibertsitateko ikasleak eta gizarte zibila, CEAR-Euskadik artatzen dituen errefuxiatu, migratzaile eta aberrigabeekin. Helburua, azken batean, programan parte hartzen duten eragileek gizartearekiko duten konpromisoa gauzatzeko bide bat izatea da, asiloa eskatzen dutenen errealitatea zuzen-zuzenean ezagututa.Gurera etorritakoei harrera ona egiten eta gizartean nahiz lan-munduan sartzen laguntzea da azken xedea; horixe lortu nahi da. Azpimarratzekoa da, bestalde, lankidetza horri esker, programan parte hartzen dutenek nergroup elkartearen filosofiaren eta lan egiteko moduaren berri jakin ahal izango dutela.

Hainbat eragile inplikatu dira proiektuan: ner group elkarteko langileak, Mondragon Team Academy-ko LEINN graduko ikasleak, “Reinserciona” enplegu-atariko langileak, Bolunta agentzia, errefuxiatuak, CEAR-Euskadi elkarteko lanerako orientabide-zerbitzuko kideak, eta norberaren konturako langileak, besteren konturakoak, eta bestelakoak.

Dagoeneko tailer bat egin da, gaiarekiko sentsibilizatzeko eta enpresa, nahiz unibertsitate, munduari kolektiboaren errealitatea hurbiltzeko. Tailer horretaz gain, beste hiru ere egin dira, programan parte hartzen duten eragileek emanak, eta Ner Group-eko enpresetara bisitaldia egin da horietako batean. Tailer horien helburua asilo-eskatzaileek, errefuxiatu, migratzaile nahiz aberrigabeek lanerako prestakuntza hobea izatea da, lana bilatzeko, aurkitzeko eta lanpostuan irauteko gaitasunak hobetzea. Horretarako, besteak beste, enplegu-atarien berri izateko eta erabiltzen jakiteko tresnak eskaintzen zaizkie, bai eta beste hainbat baliabide ere, gai izan daitezen lan-elkarrizketei aurre egiteko, eta lanpostuetara moldatu eta irauteko.

Programaren amaiera gisa, maiatzaren 26an enpresen, ekintzaileen eta enplegu-eskatzaileen arteko topaketa bat egingo da, Mondragon Unibertsitatearen Dock espazioan.