Ekainaren 20aren bezperan (Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna), Euskadiko Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordeak (ZEHAR errefuxiatuekin) errefuxiatuek gaur egun Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan duten egoerari buruzko analisia aurkeztu du. Munduko, Europako eta estatu-mailako ondorio batzuk ere aurkeztu ditu, CEARen “Las personas Refugiadas en España y en Europa” urteko txostenetik ateratakoak, zeina gaur goizean aurkeztu duen Madrilen.

Patricia Bárcena erakundearen buruak honako hau azpimarratu du: “urtea bereziki gogorra izan da guztiontzat, COVID-19aren krisiaren ondorioz, baina larriagoa izan da aurretik egoera kalteberan zeuden kolektiboentzat”. Mundu-mailan, pandemiak eragin larria izan du desberdintasunen, pobreziaren, arrazismoaren eta xenofobiaren handitzean, eta are gehiago oztopatu du nazioarteko babesa behar duten pertsonen ihesa, zeinak harrapatuta dauden jatorrizko edo bitarteko eremuetan, babesik gabe. Bárcenak gogorarazi duenez, “sartzeko modu legal eta seguruen gabeziaren aurrean, bideak geroz eta arriskutsuagoak dira, Kanarietan ikusi dugun moduan. Pandemia hemen bizi duten errefuxiatuentzat egoerak deskonexio- eta isolamendu-sentipena areagotu du, ez baitute laguntza-sarerik, eta horrek eragin emozional handia dakar eurengan”.

Horrez gain, blokeo burokratikoak ziurgabetasun-sentsazioa ematen die, dokumentazioa berritzeko prozesua atzeratu baitu. Hala ere, administrazio-atazetan sartzea zaila da oro har. Krisiak lan-merkatura sartzeko edo lortutako lanari eusteko zailtasunak areagotu ditu, eta horiek dira, arrakala digitalarekin batera, Euskadin bizi diren errefuxiatuek aurrean dituzten oztopoetako batzuk.

Hori dela eta, Bárcenak eskatzen du “munduko pandemia ez bihurtzea mugen militarizazioa justifikatzeko beste arrazoi bat. Premiazkoa da errefuxiatuen eta migratzaileen instrumentalizazioarekin amaitzea, presio politikorako tresna gisa erabiltzen baitituzte, duela gutxi Ceutan ikusi dugun moduan. Halaber, ezinbestekoa da ezohiko erregularizazio-neurri berriak ezartzea, egoitza eskatu duten migratzaileei aukera emateko estatus legal erregular bat lortzeko”. Asiloa ukatu ondoren, modu automatikoan gelditzen dira administrazio-egoera irregularrean, eta lanean ari badira enplegua galtzen dute berehala. Horrez gain, langabezia-prestazioa ere galtzen dute.

 Euskadiko datu batzuk

Barne Ministerioak argitaratutako urteko balantzearen arabera, 3.085 pertsonak eskatu zuten asiloa Euskadin 2020an; hau da, % 36ko beherakada egon da 2019an aurkeztutako eskaerekin alderatuta (4.826).

2020an izapidetutako asilo-eskaeretatik Bizkaian 1.767 formalizatu ziren, Araban 674 eta Gipuzkoan 644. ZEHAR errefuxiatuekinren bulegoetan eskaeren % 41 artatu ziren. Kolonbia, Venezuela, Nikaragua eta Honduras izan ziren, ordena horretan, nazionalitate eskatzaile nagusiak.

Pandemiaren eraginen ondorioz egon da beherakada eskaeretan: nahitaezko konfinamenduak, nazioarteko mugak ixtea eta mugako kontrolak eta jatorri eta bitarteko hirugarren herrialdeekiko akordioak zorroztea.

Souleymane-ren historia

Souleymane Fuyugu maliarra da. Martxoan heldu zen Bilbora, eta duela gutxi eman diote babes subsidiarioa. Mali erdialdeko herrixka batean bizi zen, eta eskolako irakaslea zen. Talde armatu jihadistek herrialdea hartu dute; haren udalerrira heldu ziren, eta hiltzeko mehatxua egin zioten eskola ixten ez bazuen. “Egin behar izan genuen, bagenekielako egia zela”, kontatu du Souleymanek, “Etxeak erre eta herritarrak hiltzen zituzten. Gure ondasunak ere lapurtzen zizkiguten, animaliak eta geneukan guztia. Lana, merkataritza eta hezkuntza kendu zizkiguten; ez dute nahi hura existitzea. Alde egin behar izan nuen, nire bizitza arriskuen zegoelako. Ez nintzen Europara etorri plazer hutsagatik, baizik eta sufritzen ari nintzelako”: Gainera, haren asmoa ez zen Europara etortzea. Hiriburura joan zen lehenik, eta ondoren Senegalera. Baina ez zen erraza aurrera ateratzea. Mauritaniara heldu zen asmo berarekin, eta bertan erabaki zuen Europarako bideari ekitea. Ez zen erraza izan nire herrialdetik joatea eta nire anai gazteari agur esatea, hura baita dudan familia bakarra. Alde egin nuen hari etorkizun hobea emateko”.

Itsasontzian 4 egun eman ondoren, Kanarietara heldu zen irailean, eta bertan igaro zituen 5 hilabete, krisiaren garaian, Bilbora eraman zuten arte. Souleymanek argi utzi zuen gauza bat: “Afrika gazteak galtzen ari da Mediterraneoan; intelektualak eta biztanleak ari da galtzen, eta gu gara kontinentea berreraiki nahi dugunak. Nazioarteko komunitateari eskatzen diot begiak irekitzeko eta ez izateko gobernu ustelen eta diktadoreen konplizeak, Malin eta Afrika Frankofonoko gainerako herrialdeetan gertatzen den moduan”.

Prentsaurrekoa HEMEN ikusi dezakezu: