Ekainaren 20aren bezpera den honetan, hots, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunaren bezperan, ZEHAR errefuxiatuekink 2020ko Urteko Txostena aurkeztu du, “Errefuxiatuak Espainian eta Europan” izenburupean. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko asiloari buruzko datuak eman ditu, eta azaldu du nola eragin dien Coronavirusak erakundearen arretaren hartzaileei, alegia, asilo-eskatzaileei, migratzaileei, errefuxiatuei eta aberrigabeei.Patricia Bárcenak, Erakundeko zuzendariak, honako hau adierazi du: “osasun-larrialdiaren aurretik zaurgarritasun-egoeran zeuden pertsonak bereziki ari dira pairatzen krisialdiak ekarri dituen ondorio sozialak eta ekonomikoak. Gainerako pertsonak bezala, gaixotasunaz kutsa daitezke. Baina, gainera, haien bizitzetan aurretik ezarrita dagoen prekarietatea areagotzen ari da egunotan”.

Hori kontuan hartuta, Bárcenak uste du uztailaren 12ko hauteskundeak “aukera aparta direla hauteskunde-prozesuaren ondoren eratuko diren Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak zenbait konpromiso har ditzaten, EAEn bizi diren migratzaileen, aberrigabeen eta errefuxiatuen eskubideak bermatzeko neurriak hartzeko. Bai eta COVIDari aurre egiteko hemendik aurrera prestatzen dituzten plan ekonomikoetan eta sozialetan kolektibo horren berariazko beharrak kontuan hartzeko ere”. Hona hemen proposamen batzuk:

–          EAEra asilo eske iristen diren pertsona guztiek eskubide, zerbitzu eta baliabide publikoak baliatzeko aukera dutela bermatzea, haien jatorria dena dela ere, eta EAEra edozein modutan iritsita ere.

–          Nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonei eta errefuxiatuei harrera egitea EAEn, eta gizarteratzen laguntzea.

–          Espainiako Gobernuari eskatzea jar ditzala abian zenbait neurri ohiz kanpoko erregularizazioak gauzatzeko, egoera irregularrean dauden atzerritarren eskubideak bermatze aldera. Gainera, migrazioak kudeatzeko eredu berri bat sortu behar da, malgua, arina eta eraginkorra, asiloa ukatu zaien pertsonek lege-estatus erregular bat lortu ahal izateko neurriak jasoko dituena.

COVIDak asilo-eskatzaileen bizitzan dituen eraginak

Itxialdian zehar, administrazio-jarduera eten egin zen ia erabat. Hori horrela, hainbat pertsonari luzatu egin zitzaien erakundeak kudeatzen dituen harrera-lekuetako egonaldia, baina asilo-espedienteen jakinarazpenak ematen hasi diren unetik bertatik, “pertsona eskatzaileek 15 eguneko epea dute harrera-zerbitzuetatik eta estatuko asilo-programatik ateratzeko. Hortaz, egun batetik bestera, zaurgarritasun-egoera larrian gelditzen dira” azpimarratu du Bárcenak. Izan ere, denbora-tarte horretan:

  • Ezin izan dute bizilekurik bilatu.
  • Salbuespen gutxi batzuetan izan ezik, ez dute prestazio sozial publikorik jasotzeko eskubiderik.
  • Ezin izan dute irtenbide sozialik edo lan-mundurako irtenbiderik prestatu.
  • Ez dute Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzeko eskubiderik.

Alarma-egoera hasi baino lehen, lanean zeuden eskatzaile asko, baina orain lanpostuak galdu dituzte, batez ere zerbitzuen eta zaintzaren alorretan. Gaur egun, ez dute inolako baliabiderik, atzeraldi-garai hauetan mantendu ahal izateko.

Lanbide-prestakuntzak ere eten egin dira. Hori guztia gutxi balitz, kontuan hartu behar da erakundeak artatzen dituen pertsonen etxe askotan arrakala digitala handia dela.

Berriz ere hutsetik hastea

Gael Isaad (20 urte, Boli Kosta) bere herrialdetik ihesi atera zen haurra zela, eta, 10 urtez, 12 herrialde afrikarretan zehar ibili zen, azkenean itsasoz Europara iritsi arte.

Hemen bizi berri bat sortu du. Ikasten ari da eskola-graduatua ateratzeko, gaztelania ikasi du, eta ostalaritza ikasten ari da. Futbolean aritu da zenbait taldetan, eta, behingoz, lasai sentitzen da.

Itxialdia hasi baino gutxi lehenago, asiloa ukatu zioten, eta, beraz, baita estatuko harrera-programarako sarbidea ere. “Oso egoera zaila da. Orain hutsetik hasi behar dut berriz. Ez dut nire herrialdera itzularazterik nahi; azken 10 urteotan alderdi txarrak ahazten eta bizimodu berri bat sortzen saiatu naiz. Eta zer nahi dute egitea orain?” galdetzen du Gaelek. “Gauza bakarra ken diezadakete, nire ametsak: lan egitea, futbola, familia bat osatzea eta, egunen batean, kalean nik bizi izandakoaren antzeko egoeran dauden pertsonentzako elkarte bat sortzea”.

Gael ez da asiloa ukatu izan zaion bakarra. Hain zuzen ere, Espainiar Estatuan nazioarteko babesa jasotzeko aurkezten diren eskaeren %5 bakarrik onartzen da. ZEHAR errefuxiatuekinko zuzendariak gogorarazi duen eran, “premiazkoa da erregularizazio-prozesu bat abiaraztea, eskubideak baliatu ahal ditzaten baldintza beretan, eta harrera egiten dien herrialdeari eskaintzen dizkioten trebetasunak, dedikazioa eta konpromisoa kontuan har daitezen”.

Erika eta Eduardo Kolonbiatik etorritako asilo-eskatzaileak dira. Hiru seme-alabekin batera iritsi ziren EAEra duela pare bat urte. “Bizimodu erosoa genuen, gure karrerekin eta gure familiarekin. Hango egoera segurua ez zelako joan ginen, eta hutsetik hasi ginen” azaltzen du Erikak. Kolonbian karrera profesionalak badituzte ere, hemen ezin dituzte homologatu, eta, beraz, berriz egin behar izan zuten prestakuntza, eta jarduteko modu berri bat sortu. Baina osasun-larrialdi honek berriro ere geldiarazi ditu haien bizitzak. Hemen ikus dezakezu haien historia:

 

Zenbait datu

Barne Ministerioak dioenez, 4.826 pertsonak eskatu zuten asiloa EAEn joan den urtean; haietatik, 3.395ek Bizkaian, 891k Araban eta 540k Gipuzkoan. Hortaz, 2018ko egoerarekin alderatuta, hirukoiztu egin da zenbatekoa, urte hartan 1.595 eskaera erregistratu baitziren EAEn.

2019an aurkeztutako asilo-eskaera guztien artetik, ZEHAR errefuxiatuekink ia erdiari lagundu zien (2.328), eta nazionalitate nagusiak honakoa hauek izan ziren, ordena honetan: Venezuela, Nikaragua, Kolonbia eta Honduras.

2020an, joerak berdin eutsi dio. COVIDaren ondorioz mugak itxi eta itxialdian asilo-izapideak eten egin badira ere, urteko lehen 5 hiletan 1.124 asilo-eskaera erregistratu dira EAEn: 688 Bizkaian, 298 Araban eta 138 Gipuzkoan.

Eskatzaileen nazionalitate-profila ere ez da aldatu: gehienak Latinoamerikakoak dira, gazteak, 18 urtetik 35era bitartekoak. Ez dugu sexuaren arabera banatutako daturik, baina, oro har, ehunekoak nahiko antzekoak izaten dira (pixka bat txikiagoa izaten da asiloa eskatzen duten emakumeen ehunekoa, gizonekin alderatuta).

Prentsaurrekoaren esteka hementxe, korteak atera ahl izateko: https://www.facebook.com/CEAReuskadi/videos/1195163190876137/