Raperoak, antimilitaristak, Palestinaren aldeko aktibistak eta hiyaba edo belo islamikoa. Zer daukate komunean? Taldeak, hiri-tribuak, identitate ezberdineko kideak edota gizarte mugimenduetako lagunak direla eta sistema hegemonikoaren portaeratik aldentzen direla. Protestatzen dute, inkonformistak dira edo besterik gabe ezberdinak dira, gizartearen arau nagusietatik aldenduz. Historikoki, mugimendu hauek jantzitako arropak sortutako identitateak aldarrikatzeko erabili dituzte. Argitalpenak azaltzen du jantzi hauen erabilera eta ikusgaitasuna hedatzen den heinean eta sistemaren homogeneotasuna eta egonkortasuna arriskuan dagoelaren sinesmena dagoenean, modaren industriak jantzi hauek usurpatzen dituela eta gauza bihurtzen dituela, bere esanahia erabat aldatuz.

Liburuak lau adibide zehatz aipatzen ditu: 90.hamarkadako “rap” estiloko praka jausiak eta jertse handiak; Irakeko gerraren harira sortu ziren protesta antimilitaristen ostean modan jarri ziren kamuflaje ehundurak; eta Israelek Gaza berriz era erasotu zuenean modan jarri ziren  kolore ezberdinetako zapi palestinarrak.

Hiyaba edo belo islamikoa da liburuak aipatzen duen laugarren adibidea, emakume musulmanen ilea eta lepoa es­taltzeko erabiltzen den zapi huts bat baino as­koz gehiago den jantzia. Gehienetan, hijaba aldarri­kapen kultural bat egiteko oposiziozko ikur bat da; batik bat, kultura islamikoa nolabait gutxiesteko edo baztertzeko jarrera dagoen lekuetan. Halakoetan, gizartean ageriko bihurtzeko baliabide gisa erabiltzen dute emakumeek hijaba, bai eta kultura asimilazio­nista hegemonikoari aurka egiteko ere, hain dago joera hori hedatua Mendebaldeko herrietan. Ikerketak aipatutako adibideak aztertuz ondoko galdera planteatzen du: Hijaba izango ote da, palestinarren zapia, raperoen galtzak eta beste hainbat jantzi bezala, kustomizatzen hurrena? Zenbait arrasto ikusita, hala dirudi, eta arrasto horie­tako batzuk jasotzen ditu liburu honek.

Argitalpenak  hurrengo hausnarketak plazaratzen ditu:

  • Janzkera orok esanahi bat du eta gobernuek betidanik sartu izan dute muturra jantzi- kontuetan.
  • Izan ere, emakumearen gorputza eta jantziak betidanik izan dira gizartean eztabaidagai, bai eta hainbat legeren jomuga ere. Orain burkinia eta belo islamikoaren txanda da.
  • Kontua da gure askatasun indibidualei dagokienez, zenbateraino egiten diegu uko askatasun horiei eta nori ematen diogu hijaba edo beste edozein jantzi erabil dezakegun edo ez erabakitzeko boterea.
  • Janzkeraren arloko inposizioen kontrako errebeldiaren ildo beretik, emakumeek oro har, pentsatzeko eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dute.

Liburuaren eslogana hauxe da: Ez Utzi Endredatzen. Zure jantziak, zure jantzideiak izan daitezke. Zeuk erabaki.” Sakatu hemen deskargatzeko.