“No eres de Donosti si…”, “Ez zara Zumarraga Urretxukoa…“, “¡¡¡Somos de Irun sí o sí!!!” edo “Oñatikua naiz eta arro nago” dira Gipuzkoako SOS Arrazakeria erakundeak bi urtez -2019tik 2020era- ikertu dituen Facebookeko 7 foro lokaletako batzuk, guztira zazpi aztertu dira, Interneten eta sare sozialetan gorrotoaren diskurtsoaren hedapenak gora egin duela ohartaraziz.

Berdin proposamenaren esparruan egindako ikerketaren ondorioz, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen Departamentuak sustatuta, txosten luze bat eta laburpen exekutibo bat egin dira Donostia, Eibar, Errenteria, Oñati, Tolosa eta Urretxu-Zumarragako 7 foroei buruz. Ia iruzkin arrazistarik ez dagoela frogatzen du lanak: 31 elkarrizketa 2 urtetan 60.000 lagun biltzen dituzten taldeetan.

Era berean, ikerketak erakusten du Facebookeko foro horietan iruzkin xenofoboak argitaratzen dituztenak ez direla kideen %1era iristen (eta gehienetan atzerritarrak delinkuentziarekin identifikatzen dituzten mezuak dira). Donostiako taldean, adibidez, “No eres de Donosti si…” foruan parte hartzen duten 7.028 pertsonetatik 17k bakarrik idatzi dute inoiz iruzkin arrazista bat. Gauza bera esan daiteke ikertu diren beste herrietako foroei buruz. Esaterako, Errenteriako taldea osatzen duten 18.370 kideetatik 12k baino ez dute iruzkin arrazistarik argitaratu 2 urtetan. Tolosan, 6 pertsona bakarrik. Oñatin, inor ez.

Beraz, ateratzen den ondorio nagusia da Facebookeko tokiko foroek, diskurtso xenofoboen sortzaile gisa jardun beharrean, aliatu gisa funtziona dezaketela, Gipuzkoako udalerrietan bizikidetza-giroa sustatzeko. Hala ere, zenbaitetan mezu diskriminatzaile eta arriskutsuen barreiatzaile gisa jarduten dute; azterketak kapitulu bat eskaintzen du Pasaiako barrutian magrebtar jatorriko gazte talde batekin sortutako giroa zehatz-mehatz aztertzeko.

Ikerketak Facebookeko foro lokalei balioa emateko beharrarekin amaitzen du, herri, auzo edo hiri berean bizi diren pertsonak elkartzeko gune gisa, hauen jatorria edozein dela. Txostenaren amaieran, foro horiek eskaintzen duten potentziala balorean jartzen da, udaleko arduradun politikoek bizikidetzxa sortzeko ezinbesteko lanean, tresna gisa erabil dezaten aldarrikatuz.

Ikerketa hau Gipuzkoako SOS Arrazakeriako Mikel Mazkiaranek koordinatu du eta CEAR Euskadiko Rosabel Argote gizarte ikertzailaren laguntza izan du esparru teorikoan, ikerketaren diseinuan eta sorkuntzan. Landa-lana eta datuen ustiapena Ane García, Miren Usuain, Alejandra Hernández eta Ángel Lastra EHUko praktiketako ikasleen lankidetzarekin egin da.