ZEHAR errefuxiatuekinko psikologia taldeak artatzen ditugun pertsonei egoera honek  osasun emozionalean suertatu dizkien inpaktuak zeintzuk diren aztertu ditu artikulu honetan.

CEAR Euskadin ari garenok  migratzaileen eta errefuxiatuen osasun mentalari ikuspegi psikosozial batetik begiratzen diogu; izan ere, ikuspegi hori egokia da ulertzeko zer-nolako inpaktu psikologikoak eragiten dituzten migrazio behartuek eta giza eskubideen urraketek, eta nola erantzuten dieten pertsonek arazo horiei, gertatzen diren testuinguru sozial, historiko eta politikoarekin lotuta. Ikuspegi horretatik, osasun mentala ezin daiteke banandu testuinguru politiko, ekonomiko eta soziala ulertzetik.

Era berean, osasunaren ikuspegi holistikoa dugu, alegia, osasuna hainbat osagaiz osatzen dela uste dugu, eta guztiak ere garrantzi berekoak direla, elkar eragin eta elikatzen dutenak; hona hemen zein diren osagai horiek:

–          Osasun fisikoa: gorputzarekin lotutako alderdiak, barnean direla elikadura, ariketa fisikoa eta loaren kalitatea.

–          Osasun mentala: gure pentsamenduen kalitatearekin/edukiekin eta horiek kudeatzeko gaitasunarekin lotutako alderdiak.

–          Osasun emozionala: emozioen kudeaketa arduratsuarekin eta gainerako pertsonekin harreman osasungarriak izateko gaitasunarekin lotutako alderdiak.

–          Osasun espirituala: bizitzaren zentzuarekin, erlijioekin nahiz sinesmenekin lotutako alderdiak.

–          Harreman-osasuna: ingurukoekin eta geure buruarekin harreman osasungarriak eratzeko gaitasunarekin lotutako alderdiak, eta halaber, interakzioko espazioak izatearekin lotutakoak, non senti dezakegun komunitate bateko partaide garela eta komunitate horretan badugula zer eskainia eta, beraz, baliotsuak garela.

–          Osasun soziala: bizimodua testuinguru jakin batean aurrera eramateko oinarrizko baliabideak (aterpea, janaria, jantziak, dirua, lana…) eskuratzearekin lotutako alderdiak.

–          Komunitate-osasuna: pertsona errefuxiatuak leku batera iristen direnean bertako gizartean duten harrerarekin lotutako alderdiak.

Migratzaile eta errefuxiatuen bizi-prozesuetan, osasunaren ia eremu horietan guztietan sumatzen da eragina, bai sorterrian, bai beren helmugarako ibilbidean, bai harrerako herrialdeetan ere.

Osasuna ulertzeko ikuspegi horrekin batera, azpimarratzekoa da beste hainbat alderdi ere garrantzi handikoak izaten direla pertsona migratzaile eta errefuxiatuen bizitzan eta inpaktu gogorrak izan ditzaketela haien osasunean. Hauek dira alderdi horiek:

  • Bizi izandako esperientzia traumatikoak

Migratzaile eta errefuxiatuak hainbat arrazoi direla medio ateratzen dira ihesi beren herrialdeetatik: gatazka armatuak, indarkeria sozio-politikoa, era askotako jazarpenen biktima izatea, genero-indarkeria, klima-aldaketen ondorioz beren herrialdean natura-baliabideak galdu izana… azken finean, hainbat motatako indarkeriaren biktima eta giza eskubideen urraketen biktima direlako. Indarkeria horrek osasunaren esparru guztietan izaten ditu eraginak. Osasun mentalaren ikuspegitik, esperientzia traumatiko horiek eragin txar handiak izan ditzakete, eta arrastoa utz dezakete pertsonen egoera psikologikoan, modu desberdinetan. Eragin horiek pertsona batzuk zaurgarritasun handiagoko egoeran jar ditzakete, ondoren beste esperientzia traumatikoren bat etortzen denean. Beste alde batetik, aipagarria da, aldi berean, trauma osteko hazkuntza deitzen denaren ikuspegitik, pertsonek estrategia erresilienteak garatzen dituztela bizi-esperientzia horiei aurre egiteko. Eta pertsona batek bi osagai horiek izan ditzake aldi berean bere baitan, alegia, inpaktu okerrak, zaurgarritasunari lotuak, eta inpaktu onak, aurrera egiteko estrategia erresilienteak garatzearekin lotuak. Inpaktu horiekin lotuta, hainbat alderdi indibidual nahiz sozial eta kolektibok eragina dute, hala inpaktu positiboetan, nola inpaktu negatiboetan.

  • Ziurgabetasuna

Aipatu beharreko beste osagai bat –pertsona migratzaileen eta nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonen bizitzan eragin handikoa– etengabeko ziurgabetasuna da. Izan ere, haien bizi-prozesu guztietan zehar gertatzen da. Gutxitan ikusten dute ziurtasunez munduak eskema jakin batzuen arabera funtzionatuko duela eta, beraz, beren bizitzan eragina duten egoerak neurri batean kontrolatzeko aukera izango dutela. Ziurtasun horiek, eskema horiek, bizitzan zer gertatuko zaigun aurreikusten laguntzen digute, eta lotura zuzena dute osasun mentalarekin. Mundua aurreikusteko aukera badugu, jarrera lasaiagoz bizitzen ditugu kanpoko gertaerak, hainbat tresna ditugulako gure esku, horiek ezarriko dizkiguten eskakizunei erantzun ahal izateko. Baina mundua aurreikusteko modurik ez dugunean, egunero ustekabean gerta daitekeen egoera bati erantzun beharrez bizi garenean, etengabeko alarma-egoeran bizi gara, eskakizun horiei erantzun ahal izateko. Egoera horiek, gainera, guretzat arriskutsuak direnean, bizirik irautea arriskuan jartzen digutenean, etengabeko alarma-egoeran biziko gara, arriskua nondik etorriko; beldurrez biziko gara.

Ziurgabetasun horrek, lehen esan bezala, pertsona migratzaileen eta nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonen bizi-esperientzia osoan zehar irauten du, bai sorterrian, bai migrazio-bidean, bai harrerako herrialdean. Nazioarteko babesa eskatzeko prozesuetan ziurgabetasuna da nagusi hasieratik: Espainiako estatuaren kasuan, harrera-sistema kolapsatuta dago, eta arazo asko izaten dira haren funtzionamendu orokorrean; ohikoa izaten da, besteak beste, sistema horretan plazak esleitzeko atzerapenak gertatzea, luze itxoin behar izatea eskabideak ebazteko edota herritar gisa dituzten eskubide guztiak gauzatzeko behar diren agiriak tramitatzeko. Osagai horiek guztiek handitu egiten dute ziurgabetasunaren zama, eta erabat baldintzatzen dute pertsonek beren bizi-proiektuak osasunez berreraikitzeko aukera izatea, osasunean hainbat inpaktu eragin ditzaketelako. Osasun mentalari dagokionez, adibidez, tentsio-arazoak eta urduritasun orokorra sorraraz ditzakete, arrisku- eta beldur-sentsazioak, kontzentratzeko zailtasunak, etengabe alerta-egoeran egotea, lo egiteko arazoak, frustrazioa eta inpotentzia. Baina horrekin batera, ziurgabetasuna kudeatzeko estrategia erresilienteak sor daitezke; esaterako, ziurgabetasuna bera onartzea, gure bizitzan eragina duten gauzen gaineko kontrola lasaitzea, eta unean-uneko egoera bizitzea, besteak beste.

Orain bizitzen ari garen krisiak, hain zuzen ere, pertsona guztiok jartzen gaitu ziurgabetasun handiko egoeran, gure kanpoko munduaren gainean dugun kontrola lausotu egin baitzaigu, eta horren aurrean, desberdin erreakziona dezakegu pertsonok.

Egoera horrek gure bizitzako esparru desberdinak jotzen ditu, esaterako hauen ingurukoak: lotura eta autonomia, konpetentzia (inguruarekiko harremanak era egokian gobernatzeko gaitasuntzat hartuta), hazkuntza pertsonala eta gure bizitza-proiektuak nahiz geure burua garatzeko aukera, nork bere burua onartzea eta bizitzaren zentzua (Unibertsitate Konplutentseko gida).

Ildo horretatik, pertsona migratzaileek eta errefuxiatuek, gizakiak diren aldetik, berdin sufritzen dute ziurgabetasuna eta eskura dituzten tresnak baliatuta horri erantzun behar izatea. Haiengan erreakzio horiek diferenteak izan daitezke, ordea, bi arrazoirengatik: batetik, lehendik bizi izan dituzten egoeren ondorioz, pertsona migratzaileak eta errefuxiatuak zaurgarritasun handiagoko egoeran baitaude osasunaren esparru guztietan, lehen aipatutako guztiagatik; eta bestetik, oraingo bizi-baldintzen ondorioz ere bai, oso bizi-baldintza prekarioak izaten baitituzte. Eta horrek, berriro ere, zaurgarritasun handiagoa dakarkie kanpo-gertaera kontrolaezinen aurrean, hala nola orain bizi duguna.

Osasunari begiratzeko darabilgun ikuspegi psikosozial eta holistikoa kontuan hartuta, oraingo egoeran, garrantzitsua da honako ardatz hauei erreparatzea, pertsona migratzaile eta errefuxiatuen arrisku-faktore edo osasun mentalaren babesle izan baitaitezke (GACen Guía PS Covid 19 txostenetik ateratakoak):

  • Testuinguruan jartzea: pertsonek informazio fidagarria eskura dutela bermatzea, ingurua ulertzeko eta aurreikusteko aukera izan dezaten.
  • Kontrol-sentsazioa: eguneroko bizimodua eta zereginak antolatzeko errutinak eta estrategiak erraztea. Isolatzea, geldirik egon gabe.
  • Harremana eta kidegoa: pertsona guztiak ikusten direla bermatzea. Etxeko isolamenduaren ondorioz ez dadila inguruarekiko harremana falta.
  • Gizarte-egitura eta komunitatea: herritarren ekimenetan parte hartzea eta elkar laguntzeko eta ekimen kolektiboak eraikitzeko espazioak eskaintzea.
  • Desberdintasunak bistaratzea: begien bistara ekartzea egoera honetan gauden pertsona guztiok ez gaudela baldintza berdinetan, eta, beraz, beharrezkoa dela desberdintasun horiek agerraraztea, errealitate bakoitzaren arabera egokitutako erantzunak eta laguntzak emateko. Batez ere, era kolektiboan zaindu ahal izateko zaurgarritasun handieneko kolektiboak, horien artean gure lanaren ardatz diren pertsonak.

Migratzaile eta errefuxiatuen bizitzan izaten diren zenbait zirkunstantzia arrisku psikosozial handiagoko faktoreak dira orain bizi dugun egoeran, eta kalte handia egin dezakete haien osasunean; horietako batzuk aipatu ditugu lehen ere:

Osasun emozionalari eta mentalari dagokienez:

  • Aurretik egoera traumatikoak bizi izan badira eta egoera horiek beren osasunean inpaktua eduki badute, krisialdi berri honetan traumak berriz ere piztu daitezke; hau da, oraingo krisi honen ezaugarriek trauma pizten duten kanpo-eragile gisa eragin dezakete (lehen bizi izandako egoeren antza duelako, edo burmuinak, babesa bilatu beharrez, egoera oker guztiak antzekotzat hartzeko joera duelako) eta bertraumatizatzea eragin dezakete, beste egoera mingarri batzuk eransten dituztelako lehendik trauma bizi izan duen giza testuinguru batera; adibidez, kanpoko arrisku baten ondorioz hiltzeko beldurra areagotzea, hornidura faltaren beldurra, kalean polizia egotea eta poliziako agente batzuen jarduketak, konfinamendua bera (lehen ere gerra-egoeran edo jazarpen-egoeran… bizi izan bada).
  • Pertsona migratzaile eta errefuxiatuek beren eskubideak beharbada murriztu egingo direla senti dezakete, osasun-krisiak ekarritako krisi sozial, ekonomiko eta politikoaren ondorioz, eta horrek inpaktu handia izango luke beren bizi-proiektuetan.
  • Polizia kaleetan dabilela ikusteak eta etengabe agiriak erakutsi behar izateak estresa sor diezaieke, beren sorterrian polizia, maiz, irudi mehatxagarria delako, eta horrez gain, pertsona horietako asko egoera administratibo irregularrean daudelako eta ateratzeko beldurrez bizi direlako, janari bila bada ere.
  • Konfinamenduan tratu txarrak eragiten dituen pertsona batekin bizi behar badute, indarkeria fisikoa, psikologikoa nahiz emozionala are larriagoa bihurtzen zaie.

Osasun espiritualari dagokionez:

  • Pertsona migratzaile eta errefuxiatuentzat, herrialde seguru batean bizitzea beren bizi-proiektu pertsonalak edota familiarrak testuinguru itxaropentsu batean berreraikitzeko aukera bat dira. Bada, oraingo krisi honek eragin handia izan dezake bai berreraikuntza horretan, bai horren zentzuan, bai eta hori lortzeko egin behar izandako borrokaren ondorioz sortutako sufrimenduak zuen zentzuan ere, eta pertsona oso jota gera daiteke: depresioa, antsietatea, norabide falta, hartutako erabakiak berriro ere kolokan jartzea… Erreferentzia seguruen eskemak kili-kolo gera daitezke eta horrek inpaktu gogorra izan dezake bizitzaren zentzuan.
  • Gertatzen ari denari buruzko ikuspegi kultural-erlijioso batzuek babesgabetasun ikasiaren sentipena eragin dezakete, edo are ezinegon psikologikoa ere (Jainkoaren zigorra da, eta erru-sentimendua eragiten du; hau Jainkoak ekarri du, eta bizitzea dagokigu guri, ez dugu ezer egiterik horren aurrean…).
  • Heriotzaren beldur izatea, egoera honetan, beren herritik eta beren jendearengandik urrun eta “atseden-lekurik gabe” hiltzeko beldurra da. Pentsamendu oso mingarria da hori, eta zaildu egiten du gaixotasunari bake espiritual handiagoz aurre egitea.

Osasun sozialari dagokionez:

  • Ziurgabetasuna dute oinarrizko beharrizanei aurre egiteko funtsezko alderdien inguruan: beren agiriak izapidetzeko administrazio-prozesuak geldiarazita daude, diru-sarrera falta edo eskasia dute, enplegua galdu dute edo lortzeko zailtasunak dituzte, etxebizitza lortzeko zailtasunak dituzte, arrisku-inguruetan bizi dira edo kale gorrian daude, besteak beste.
  • Lanik ezin egin izatearen beldur dira, eta, beraz, baita diru-sarrerarik ez izatearen eta beharrizanak ase ezin izatearen beldur ere.

Harreman-osasunari eta komunitate-osasunari dagokienez:

  • Bakardadea inposatu zaie.
  • Hainbat pertsonari bizikidetza inposatu zaie, ezaugarri jakin batzuk dituzten bizileku-baliabideetan, eta horietan zaila da intimitate eta askatasun pertsonalerako espazioak izatea.
  • Bizileku-baliabide horietan gerta daiteke harremanen ondorioz gatazkak piztea, barne sufrimendua kanporatzearekin lotuta, konfinamenduan zaila egiten baitzaie hori eragoztea; eta horri irtenbidea eman behar zaio (batzuetan nola egin ez jakin arren). Egoera honek tentsioa ekartzen du, eta arazoak sor daitezke; lehendik ere hor ziren arazo horiek, baina nolabait kudeatzen ziren, eta orain, berriz, egoera tenkatu egin denez, beharbada berriro azaleratu daitezke…
  • Ez dute norekin izan komunikazio aktiboa eta osasungarria.
  • Elkar zaintzeko eta oinarrizko beharrizanak asetzeko ez dute inor.
  • Gertatzen ari dena ulertzeko zailtasuna dute, hainbeste arrazoi direla medio: hizkuntza, informazio ofiziala eskuratzeko zailtasuna… Informazioa ez da nahikoa edo ez da ulergarria.
  • Teknologia eskura izateko zailtasunak dituzte, eta horrek ondorioak ekar ditzake: zailtasunak prestakuntzak egiteko eta horri esker beren prozesuetan aurrera egiteko (esaterako gaztelania ikastea); adingabeek zailtasunak eskolako lanak egiteko; zailtasunak aisialdiko ekintzak egiteko edo informazioa lortzeko nahiz beren laguntza pertsonaleko sarearekin harremana izateko…
  • Alarma-egoera ulertzeko zailtasunak dituzte: hizkuntzagatik, komunikazio-kode desberdinak ulertzeko zailtasunagatik…
  • Beren familiengandik urrun daude, kezkatuta daude egoera honek guztiak beren sorterrian zer-nolako eragina duen jakin nahian, hango osasun-baldintzak lehendik ere eskasak baitziren, edo hutsaren hurrengo, eta horrek are etsipen eta inpotentzia sentimendu handiagoa eragiten die, han daudenei ezin lagundu dietelako, hemengo zailtasunengatik.
  • Familiak berrelkartzeko prozesuak eten egin dira, eta mugak itxi egin direnez, erabateko isolamenduaren sentipena sortzen zaie.

Faktore horiek guztiek, besteak beste, eragin kaltegarria izan dezakete osasunean, eta hainbat sintoma sorraraz ditzakete osasun mentalean.

Beste alde batetik, hasieran esan den bezala, bizitzan zehar honen aurretik ere esperientzia traumatikoak eta krisialdiak bizi izan badira, horrek lagundu egiten du estrategia erresilienteak garatzen era honetako egoerei aurre egiteko, eta erraztu egiten du oraingo egoera lasaitasunez bizitzea eta egokitu zaigun errealitatea hobeto onartzea. Zenbait egoera egon daitezke lotuta estrategia horien garapenarekin; besteak beste, honako hauek:

  • Beharbada, lehen ere bizi izan dituzte konfinamendu-egoerak, esaterako, jazarpenen ondorioz
  • Lehen ere izan dituzte gogortasun eta sufrimendu handiko bizipenak, eta badakite oraingo krisiaren inpaktuak erlatibizatzen.
  • Impasse honetan atsedenerako une bat aurkitzen dute, beren bizi-prozesuetan egunero aurrera egiteak ekartzen dizkien nekeak alde batera utzita.
  • Oinarri espirituala garatu duten pertsonek –erlijiosoa izan edo ez izan– euskarri sendo bat aurkitzen dute hor, sentipen horretatik oraingo egoera kudeatzeko.
  • Krisi hau hainbat erantzun kolektibo eta komunitario pizten ari da, eta loturak sortzen ari dira pertsonen arteko elkartasunaren eta laguntzaren bidetik; horrek gogobetetasun-sentimenduak eragiten ditu.

Ezaugarri horiek guztiek, edo baten batzuek, besteak beste, errealitateari aurre egiteko gaitasunak eta baliabide pertsonalak eman dizkiete migratzaileei eta errefuxiatuei, eta oso garrantzitsua izango litzateke gainerako herritarrok ere horiek ezagutu ahal izatea. Ziurgabetasun handiko une hauetan, gure lanaren ardatz izaten diren errefuxiatu batzuek argitasun lagungarria ekar diezagukete, beren eskarmentuari esker, egoera hau eraman ahal izateko; izan ere, bitxia bada ere, egoera honek, desberdintasun guztien gainetik, berdintasun-egoeran jartzen gaitu guztiok, oraingo nahiz lehengo errefuxiatuak, garenaren errealitatearen aurrean: gizaki zaurgarriak gara, ezin baitugu bizitza kontrolatu, guk hala nahiko bagenu ere. Beharbada, hori da guztiok ikasi behar dugun ikasgaia, eta horri buruz asko dakite egia hori lehen ere bizi izan duten pertsonek, esaterako pertsona errefuxiatuek eta migratzaile behartuek.

Amaitzeko, orain arte esandakoa nolabait laburbilduz, azpimarratu behar da orain bizi dugun krisiak inpaktu handiak izan ditzakeela herritar guztien osasunean, eta pertsona migratzaile eta errefuxiatuei dagokienez, inpaktu horiek lehendik zaurgarriagoak ziren egoerak jotzen dituztela, haien bizi-proiektuen garapeneko baldintzen ondorioz. Inpaktu horiek txarrak izan daitezke, baina aldi berean, aukera ematen digute ikusteko migratzaileak eta errefuxiatuak erresilientzia-gaitasun handiko gizakiak direla. Eta baloratzeko, ikuspegi komunitariotik ikusita, harrera-gizarteari aukera bat zabaltzen zaiola,  migratzaileek egoera gogorrei aurre egiteko duten sendotasun eta eusteko gaitasun horietatik ikasteko. Eta orobat, baloratzeko aukera bat zabaltzen zaigula, krisi honek  migratzaile eta errefuxiatuen kolektiboari eragingo dizkion inpaktuak ahalik eta txikienak izan daitezen laguntzeko, laguntzarako eta elkartasunerako komunitate-sareak antolatuz; izan ere, egoera zaurgarrienean daudenak zaintzea gure gizartearen erantzukizuna da, are gehiago elkar zaintzeko deiak entzuten ditugunean botereguneetatik eta, oro har, herritar guztion artetik.

Beraz, bizi ditugun une hauek aukera paregabea dira emateko eta gure ekarpena egiteko, era horretan hazten baita gure gizatasuna; eta aukera paregabea dira, halaber, baloratzeko zeinen garrantzitsua den komunitatean bizi garen pertsona bakoitzak gure gizartea hobetzeko eskain dezakeen apurra, gure jatorria edo unean uneko bizi-baldintzak edozein direla ere. Izan ere, krisi honek argi erakusten digu guztiok, funtsean, berdinak garela bizitzaren aurrean eta, hari aurre egiterakoan, guztiok bat garela.