ZEHAR errefuxiatuekink eta Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuak Defendatzaileak Babesten” biltzarra antolatu dute, topaketa horretan gai hauek lantzeko, besteak beste: giza eskubideak defendatzen diharduten pertsonak babesteko zer-nolako erantzukizuna duen nazioarteko komunitateak, zer arriskuri egin behar izaten dieten aurre, babes moduan zer mekanismo eta premia dituzten, zer estrategia komunitario dauden eta aldi baterako babes-programek zer potentzialtasun dituzten.

Nazio Batuen arabera, giza eskubideak defendatzen jarduteagatik arriskurik handienean daudenak hauek dira:

  • Erakunde feministetan dabiltzan emakumezkoak eta LGTTBI pertsonen eskubideak defendatzen diharduten pertsonak.
  • Eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak nahiz ingurumen-eskubideak defendatzen diharduten pertsonak; batik bat, herri eta komunitate indigenen, afrikar jatorrikoen ondorengoen eta nekazarien eskubideak defendatzen dihardutenak, lurrarekin eta lurraldearekin lotuta.
  • Kolektibo gutxituen eskubideak defendatzen diharduten pertsonak.

Pertsona horien segurtasuna eta lanerako ahalmena arriskuan egoten dira askotan, egiten ari diren lanagatik beragatik.Hala erakusten dute datuek: Front Line Defenders erakundearen arabera, 2016an giza eskubideen 281 defendatzaile hil zituzten, 25 herrialdetan; eta horien ia erdiek (% 49) lurrak edukitzeko, lurralderako eta herri indigenen eskubideen alde ziharduten. Pertsona horien arrisku-maila ez da beti berdina, eta handitu egiten da zenbait faktoreren arabera, hala nola zer-nolako mehatxuak jasotzen dituzten eta egoera horretan taldeak zenbaterainoko zaurgarritasuna eta gaitasuna duen.

Babesa diogunean, honetaz ari gara: defendatzaileek, erakundeek eta instituzioek abian jartzen dituzten ekintzak, bizitzeko eta lan egiteko eremu seguruak sortze eta hedatze aldera, bai bakarka, bai modu kolektiboan. Helburua da halabeharrez beren lurraldeetatik ihes egitera behartuta ez egotea, nahiz eta askotan beste aukerarik ez duten eta lekualdatzera behartuta dauden.

Hortxe du erantzukizuna nazioarteko komunitateak: beren lurraldera itzultzen direnean defendatzen jarraitzeko modua eman behar die. Horregatik dira garrantzitsuak Europan nahiz Espainiako estatuan gaur egun dauden babes-programak; esate baterako, Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko EAEko Programa, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzaren ardurapean ZEHAR errefuxiatuekink kudeatua. Programa horren helburu nagusia da giza eskubideen defendatzaileak babestea, EAEn sei hilabeterako hartuta.

Biltzarrean ikuspegi integral, plural eta feminista batetik helduko zaio gaiari. Besteak beste, Guatemala, Kolonbia, Mendebaldeko Sahara eta Mexikotik etorritako lau defendatzailek hartuko dute parte, eta gaur egun dauden babes-mekanismoei buruzko beren ikuspegia azalduko digute, bai eta zer arriskuri egin behar izaten dieten aurre ere. Horretaz gain, nazioarteko instituzioek nahiz EAEkoek eta nazioarteko babes-erakunde eta -sareek gai horretan duten esperientziaren berri jasoko dugu. Programa osoa esteka honetan ikus daiteke: https://www.cear-euskadi.org/congresodefensoras/