Azkenaldian sarri entzun ditugu esaldi arrazista eta xenofoboak bertako eta mundu osoko lehen mailako politikarien ahotan. Donald Trump Amerikako Estatu Batuetako presidenteak, esate baterako, hauxe esan zuen, tonu biribil-biribila erabiliz, Etxe Zurira iristeko kanpaina hasi berritan: “Harresia eraikiko dugu. Ez daukagu beste aukerarik. Etxean bertan ere, Gasteizko alkate ohiak, Javier Marotok, zera esan zuen 2015ean irratirako egin zioten elkarrizketa batean: “Gurera datozen siriarren artean, jihadista asko daude. Halakoek edozein unetan jar dezakete lehergailu bat gure hirietako edozeinetan”.CEAR-Euskadiko intzidentzien taldeak egindako “El IncenDiario” dokumentalean aipatzen diren bi adibide baizik ez dira horiek. Dokumentalean, diskurtso politiko xenofoboek gorrotozko delituekin zer-nolako lotura duten esplikatzen da.

“Gorrotozko diskurtsoak erregaiaren paretsukoak dira: arrazismoaren eta xenofobiaren metxa pizten dute, eta gure herri eta hirietako bizikidetza kiskaltzen”. Horixe dio Rosabel Argote dokumentalaren koordinatzaileak, eta beste hau ere bai: “urteak dira erretzen gaituzten diskurtso horiei guztiei aurre nola egin pentsatzen eta horretarako aproposak diren baliabideak sortzen dihardugula. Baliabide horietako batzuk erakutsi nahi ditugu hemen, El IncenDiario dokumentalean”.

 

Zenbait diskriminazio-kasu

El IncenDiario dokumentalean, kasu asko eta asko aipatzen dira; besteak beste, Gasteizko autobus batean zihoala beloa eramateagatik denetariko isekak sufritu behar izan zituen Ihssan Nelefkih-rena. Nelefkih-ek kasua salatu zuen, baina epaileak auzia  artxibatu egin zuen. Horren ondoren, dena den, CEAR-Euskadik Eraberean Tratu Berdintasunaren Aldeko eta Diskriminazioaren Aurkako Sarearen esparruaren barruan eskaintzen duen zerbitzu juridikoek auzia atzera ere martxan jartzea lortu dute.

19 baliabide

“Suteen aurkako gida” izeneko argitalpenaren bitartez, diskurtso xenofoboei aurre egiteko zenbait baliabide jarri nahi ditu herritarren eskura CEAR-Euskadik.

Guztira, irakurleak 19 baliabide aurkituko ditu hemen, hiru esparrutan sailkatuak: justizia, instituzioak, politika, hedabideak eta herritarren elkarteak. Iritzi-liderrek edo ordezkari politiko eta sozialek norbait baztertu, iraindu, difamatu edo atzerritarren kontrako gorrotozko mezuak zabaldu, eta horrek herritarren arteko kohesioa hausten duenerako balio dute baliabideok guztiok; adibidez: kasuren bat estrategikoki auzitan jartzeko, alderdi politiko bakoitzaren batzorde etikoaren aurrean erreklamazioak aurkezteko, egunkarietako Zuzendariari gutunak atalean diskurtso iraingarriak ikusarazteko, edota adierazpen arrazistak eta xenofoboak jasaten dituzten komunitateak babestu eta haien kontrako gorrotozko iritziak salatzeko.

DESKARGATU GIDA HEMEN