Bihar, Europar Batasuneko estatuek birkokatze eta berrezartze programen bidez 180.000 pertsona baino gehiago hartzeko zehaztutako bi urteko epea amaituko da. Egun bat falta dela, Europar Batasunak lau pertsonatik bat soilik lekualdatzea lortu du. Espainiak, bere aldetik, akordio horien konpromisoaren %11 gainditzen du ozta-ozta; hain zuzen, 1.983 pertsona birkokatu eta berrezarri ditu. CEARek bederatzi arrazoi ematen ditu porrot hori azaltzeko.

Nazionalitatearen irizpidea. Batez beste Estatu kideetan %75etik gorako nazioarteko babesaren onarpen-tasa zuten nazionalitateetako pertsonak soilik birkokatuko zirela erabaki zen hasieratik. Erabaki hori diskriminatzailea eta Genevako Hitzarmenaren kontrakoa izateaz gain, milaka pertsona utzi ditu prozesutik kanpo; Afganistan, Irak, Sudan, Nigeria eta beste herrialde batzuetatik Italia eta Greziara iritsitako milaka pertsonak ez dituzte baldintza hori betetzen, nahiz eta haien herrialdeetan gatazka handiak egon.

Harrerarako baldintza gogorrak. Askotan, Europako Batzordeak deitoratu egin du herrialde kideek baldintza murriztaileak helarazi izana Grezian eta Italian identifikazio-prozesuak eta lekualdaketak egiten dituzten agintariei. Gainera, atzerapenak eragin dituzte hileko harrera-eskaeretan, eta oztopo burokratikoak jarri lekualdaketak egiteko garaian.

Horrek prozesuaren erritmoa moteldu du, eta herrialde horiek hartu dituzten pertsonen kopurua mugatu.

Oztopo gehiago egoera larrian dauden pertsonei. Herrialde askok oztopoak jarri dituzte gaixotasun larriak edo ezintasunak dituzten pertsonak, indarkeriaren biktimak eta, bereziki, bakarrik dauden adingabeak hartzeko. Jokaera hori bereziki insolidarioa

da, eta horrela jokatu duten herrialdeek errefuxiatuak hartzeko borondate eskasa dutela erakusten du.

EBren eta Turkiaren arteko akordioa. EBren eta Turkiaren arteko akordioak herrialde horretatik zetozen errefuxiatuei itsas bidea ixteko helburua zuen, eta 2016ko martxoaren 20an sartu zen indarrean. Estatuek, alde bakarretik eta adostutakoa alde batera utzita, hau erabaki zuten: akordioa indarrean sartzen zen egunetik aurrera Greziara iristen ziren pertsonek ezingo zutela birkokapena EBko herrialdeetan eskatu. Beraz, pertsona horiek Grezian harrera-sistema gainezka duen herrialde batean geratu ala euren herrialdeetako gatazka-egoeretara itzuli aukeratu behar izan dute. Maiatzean, Europako Parlamentuak berak jokaera baztertzaile hori bertan behera uzteko eskatu zuen.

Eragileen arteko koordinaziorik eza. Italian, birkokapena eska dezaketen pertsonak identifikatzeko eta erregistratzeko prozesua izugarri motel egin da. Gainera, EASO Europako agentziaren eta Italiako agintarien arteko koordinazioak huts egin du prozesuaren fase guztiak bizkortzeko.

Zehapen-mekanismo eraginkorrak. Hasieratik, Europako Batzordeak epeltasun txikiagoz eta irmotasun handiagoz jokatu beharko zukeen epeak betetzen ez zituzten herrialdeekin, eta zehapen-prozedurak azkarrago hasi.

Borondate politikoa. Dirudienez, EBko herrialdeek alde batera utzi dute asilo-eskubidea, baita gerratik eta jazarpenetik ihesi doazen pertsonekiko erantzukizuna ere. Ez da beharrezkoa izan diskurtso xenofoboa duten alderdi politikoek gobernatzea; hedatu duten beldurraren diskurtsoa aitzakia bat baino ez da izan, Estatuek euren harrera-borondatea gehiago hozteko eta ez-betetzeak justifikatzeko.

Eskatzaileak falta dira? Azken komunikatuan, Greziako Birkokapen Unitateak jakitera eman zuen ez zegoela birkokatzeko baldintzak bete zituen pertsonarik. Hala ere, Europako Batzordearen azken txostenak, hil honetakoak, zalantzan jartzen du datu hori; izan ere, txosten horren arabera, 4.700 pertsona dira Greziatik birkoka daitezkeenak, eta, aurten, 7.200dik gora iritsi dira Italiara. Gainera, kalkulatzen da 50.000 errefuxiatuk baino gehiagok jarraitzen dutela Grezian, irten ezinik.

Hungariaren kuota. CEARek gogora ekarri nahi du estatuek Hungariatik jaso behar zituzten 54.000 pertsonen ordez Turkiatik pertsona-kopuru hori berrezartzeko aukera zutela. Gaur egun, 3 milioi errefuxiatu baino gehiago daude Turkian. Hortaz, argi dago ez dela lekualdatzeko pertsonarik falta; izan ere, pertsonak hartzeko eta Estatuek beraiek prozesuari ezarri dizkioten murrizketak alde batera uzteko borondatea falta da.

Eta etsi-etsian egindako eskaera bat…

Prozesu horren sekulako porrota (adostutakoaren laurdena soilik bete baita) ezin da EBk errefuxiatuekin hartu zuen konpromisoari uko egiteko aitzakiatzat hartu. Badaezpada zalantzarik geratuko balitz, Europako Batzordeak gogorarazi du Estatuek prozesuarekiko duten betebeharra ez dela epearekin batera amaitzen, ez dela bihar amaitzen, alegia.

Beraz, CEARek eskaera bat egin behar du etsi-etsian: birkokatze eta berrezarpen programak berriro bultzatzea, eta parte hartzeko irizpideak berehala berrikustea. Batik bat, nazionalitateagatiko diskriminazioa kendu behar da, eta EBk eta Turkiak akordioa egin ondoren Greziara iritsitako pertsonei parte hartzen utzi; izan ere, Siriako gatazkatik ihes egin duten pertsonak daude haien artean. Orobat, CEARek Europako Batzordeari eskatzen dio harrera-epeak bete ez dituzten Europako herrialdeei zehapenak ezartzeko.

Birkokatze eta berrezartze programek milaka pertsonaren bizitza hobetu dezakete, baita salbatu ere. CEARek Europako agintariei galdatu nahi die gezur eta aitzakia-horma bat eraikitzeari utzi eta, aurreikusitako epetik kanpo bada ere, euren etxetik ihes egin eta azken itxaropena Europan daukatenekin hartutako konpromisoari eutsi diezaioten.