Danelly Estupiñán Valencia (Komunitate Beltzen Prozesuko kidea, Buenaventuran, Kolonbian) eta Nohemí Esther Pérez Borjas (COFADEH Hondurasko Desagertutako Atxilotuen Senideen Batzordeko kidea) dira Giza Eskubideen Defendatzaileentzako Aldi Baterako Babeserako Euskal Programaren aurtengo edizioan parte hartu duten bi defendatzaileak; Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak gidatzen du programa, eta ZEHAR errefuxiatuekink kudeatzen du. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren babesa du, gainera, programak.

Defendatzaileen jatorrizko herrialdeetako erakundeekin batera lan egiten duten bi euskal erakundek aurkeztu dituzte programara biak, eta haiek egin diete lagun hemen egin duten egonaldian: Mundubat fundazioak eta Emigrad@s Sin Fronteras erakundeak.

Jatorrizko herrialdean bizitzaren eta justizia sozialaren alde egindako jarduerengatik beren bizitza edo osotasun fisikoa arriskuan jartzen duten giza eskubideen defendatzaileei babesa ematea da programaren xedea, eta Euskadin sei hilabeteko egonaldia egiteko hartzen dituzte.

Egonaldi horretan, agenda politiko bat garatzen dute erakunde publiko eta elkarte sozial ugarirekin, ildo horretatik nazioarteko babes-sareak hedatzeko eta indartzeko xedez. Nazioarteko babesgunea sortzen dute sare horiek, eta beren jatorrizko herrialdera segurtasun handiagoz itzultzeko bidea ziurtatzen zaie horrela, giza eskubideen alde egiten duten lanari jarraipena emateko.

Duela 18 urtetik, PCNren antolamendu-dinamikaz arduratzen da Danelly Estupiñan Valencia, Buenaventuran, Valle del Cauca eskualdean (Kolonbia). Soziologia-ikasketak egin zituen, eta Buenaventurako portuaren dinamika ekonomikoaren inpaktuez (sozialak, ekonomikoak, ingurumenekoak eta kulturalak) tokian bertan egin dituen ikerketengatik nabarmendu da batez ere.

2009tik, Buenaventurako komunitate afro-hiritarrei laguntzen die, hiri-inguruneetan lurralde-eskubideak aldarrikatzeko intzidentzia-prozesuetan. Asociación de Terrenos Ganados al Mar elkartearen fundatzailea da.

Mehatxatu egin dute Danelly, jazarri egin diote, eta beldurra sartu nahi izan diote 2015. urtetik; urte horretan egin zuen lehen ikerketa, eta agerian jarri zituen portuko enpresek eguneroko bizimoduan eta Buenaventurako biztanleen eskubide kolektiboetan eragindako inpaktuak.

Nohemí Esther Pérez Borjas COFADEH batzordeko kidea da. AEBek Hondurasen ezarritako segurtasun nazionalaren doktrinaren esparruan 1980ko urteetan anaia desagerrarazi zutenean ekin zion bere aktibismoari.

Estatuaren indarkeria politikoaren biktimen senitartekoei lagun egiten die. 1982tik, egiaren eta justiziaren aldeko geldialdia koordinatzen du, eta hilero egiten da ekitaldi hori Tegucigalpan. Oroimen historikoa gordetzeko jardueren sustatzailea da, estatuaren indarkeria politikoaren ehunka biktimak ez ahazteko erresistentzia egiteko. 2009an, Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarraren (CIDAH) kautela-neurrien onuradun izan zen, estatu-kolpe militarraren testuinguruan.

Askotan mehatxatu dute, eta jazarpenak eta erasoak jasan izan ditu, bere aktibismoagatik eta giza eskubideen defendatzaile gisa bete duen lekuagatik.