Barne Ministerioak argitaratutako urteko balantzearen arabera, 3.085 pertsonek eskatu zuten asiloa 2020an Euskadin. Aurreko urteko datuekin alderatuta, aurkeztutako eskarien kopuruak % 36 egin du behera, 2019an 4.826 eskari jaso baitziren.

Euskal Autonomia Erkidegoan 2020. urtean izapidetutako eskari guztietatik, 1.767 Bizkaian izan ziren; 674 Araban; eta 644, aldiz, Gipuzkoan. CEAR‑Euskadi hiru lurralde horietan aurkeztutako eskarien % 41ez arduratu zen. Kolonbia, Venezuela, Nikaragua, eta Hondurasko herritarrak izan dira, ordena horretan, eskaera gehien egin dituztenak. Talde juridikoak aholkularitza‑zerbitzua eman zien 45 herrialdetatik zetozen asilo‑eskatzaileei.

COVID‑19ak eragindako krisialdien eraginez mugak ixtea izan da eskariak murriztearen arrazoi nagusia”, azaldu du CEAR‑Euskadiren zuzendari Patricia Bárcenak. “Pertsona asko beren herrialdeetatik ihes egin ezinean daude, eta bertan jazarpena pairatzen dute. Beste asko, ostera, hirugarren herrialdeetan geratu dira, gizapetiko baldintzetan. Egoera honek eragin du gatazketatik eta miseriatik ihes egiten jarraitzen duten pertsonek herrialdeetan sartzeko bide alternatibo arriskutsuagoak bilatzea”.

Zenbait datu

Honako hau da azken 5 urteetan Euskadin jaso ditugun asilo‑eskaeren kopuruaren bilakaera:

  • 2016: 500 pertsona.
  • 2017: 970 pertsona.
  • 2018: 1.595 pertsona.
  • 2019: 4.826 pertsona.
  • 2020: 3.085 pertsona.

Ebazpenak

Ondoz ondoko bigarren urtea da 2020 zeinetan asilo‑eskaeren % 5ak besterik ez zuen aldeko irizpena lortu. Zifra baxu horrek Espainiako Estatua gainontzeko herrialde europarren oso azpitik kokatzen du (Frantzia % 22, Belgika % 35, Alemania % 44).} Bárcenak azaltzen du hori dela eta, beste motibazio batzuekin batera, “asilo‑eskatzaile horietako askok Europako beste herrialde batzuetara jotzen dutela, non babes‑berme handiagoa izan dezaketen. Euskadi igarobide bat besterik ez da. Egun hauetan ikusten ari gara, Irunetik Frantziara heltzen saiatzen diren pertsonen adibidearen bidez. Errealitate hori normaltasunez, enpatiaz eta solidaritatez bizitzen hasi behar da, ditugun baliabideak indartuta eta elkarbizitza sustatuta”.