Aurora Lolita Chávez, Guatemalako herri indigenen eta emakumeen eskubideen defendatzailea da. Europako Parlamentuak eskaintzen duen Kontzientzia-askatasunaren aldeko Sájarov Sariaren finalista geratu da, beste bi hautagaiekin batera. Sariak nazioarteko onespena eskaintzen die Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak defendatzen dituzten lagun eta gizataldeei. Gaur egun, Lolita Chávez Giza Eskubideen Defendatzaileentzako euskal programan parte hartzen ari da .

Albistea ezagutzean ezin du bere emozioa ezkutatu: “Nire izendapenaren notizia jakin nuenean, zirraraz beteriko eguna izan zen, nire urtebetetze egunean esan zidaten eta. Hainbeste eraso bizi ostean eta nire bizitza arriskuan egonda, beste urte bat ospatzea pozgarria da. Finalista naizela esan didatenean, nire lana, nire ibilbidea eta nire arduraz gain, ni bezala lan egin duten defendatzaileak gogora ekarri nahi ditut, Amalurrarekin harmonian dagoen bizitza duin, justu eta bete  baten alde borrokan dihardugulako. Lan hori egiteagatik kriminalizatu gaituzte, asko kartzelaratu dituzte eta beste batzuk erail. Beraiei eskaini nahi diet izendapena, halaxe sentitzen dut”.

Aura Lolita Chávez Ixcaquic Guatemalako, herri indigenen giza eskubideen babeslea da eta K´iche´ Herrien Kontseiluaren ordezkaria izan da. Aldi berean, Feminismo komunitarioaren Antzinako Sendatzaile Sarearen kidea da.

Amerikarteko Giza Eskubideen Komisiora Guatemalako estatuaren kontrako salaketak eraman ditu, baita enpresa transnazionalen kontrako salaketa internazionalak ere. Auzitegietan parte-hartzen du, mehatz enpresen biktima diren emakumeak laguntzen. Defentsariak mehatxu, beldurtarazte, eraso, erailtze saiakerak, kriminalizatze eta epaitegiratzeak sufritu ditu. Guatemalako estatuak, aldebakartasunez, egun indarrean dauden eta CIDHak aurreikusi dituen neurriak bertan behera uzten saiatu da.

Defendatzaile hau eredu bat da lurren eta emakume indigenen eskubideen defentsan. Horregatik, interesa piztu dezake gai berberetan diharduten beste pertsona eta kolektibo batzuentzat.