Óscar Pasarín ultra distantziako euskal korrikalariak beste erronka bat gainditu du, helburu solidario bat jomugatzat harturik: errefuxiatuek leku seguru batean, indarkeriatik eta miseriatik urrun bizitzeko egin behar duten bide gogorra ikusaraztea.

“La Bilbao Refugio” erronkan egunean 125 km egin ditu batez beste, Euskalduna zubitik Areatzako zubira; hau da, 1.000 km guztira, 8 egunetan. Giro errea eta bero sargoria izan du aurreko astean, baina Óscarrek etsi gabe egin du korrika, eguna joan eguna etorri. Hainbat erakunde eta norbanako izan ditu ondoan, ekimen honetan bidelagun: bere ohiko korrikalari taldea, errefuxiatuek osatua, Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformako kideak, Peñascal Fundazioa, Dani Álvarez EITBko kazetaria eta Asier Cuevas 100 km-ko distantziako munduko txapeldunordea, besteak beste.

Erronka gaur goizean amaitu da, “La Bilbao Refugio” izen bereko herri lasterketarekin. 600 pertsona inguru elkartu dira Guggenheim Museoaren zelaigunean, ultra distantziako korrikalariari erronkaren azken 5 kilometroetan helmugaraino laguntzeko eta aho batez mezu hau aldarrikatzeko: “gure hiriak eta udalerriak egiazko aterpe izatea nahi dugu”.

Pasarínek, kirol hutsetik harago, ekimenaren egiazko helburua zein den gogoratu du: “Erronka gogorra izan da, baina merezi izan du, jendeari ikusarazteko nor diren benetako protagonistak: egunez egun beren etxeetatik ihesi atera beharrean diren errefuxiatuak”.

ZEHAR errefuxiatuekin erakundeak antolatu du “La Bilbao Refugio” ekimena eta erronka. Javier Galparsoro presidenteak azpimarratu duenez, “gerrak, gatazkak eta jazarpenak direla medio 65 milioi eta erdi pertsona inguru daude beren herrietatik urrun lekualdatuta, eta legezko bide segururik ez dagoenez, pertsonak beren kabuz iristen dira, bizitza eta osasuna arrisku bizian jarrita”. 

Hauek izan dira “La Bilbao Refugio” lasterketaren laguntzaileak: Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala, Baquè Kafeak, Metro Bilbao, Gizarte Zerbitzu Integratuen Taldea eta DYA.