Aldi Batez Babesteko Euskadiko Programa elkartasun politikorako tresna da. Helburua da jatorrizko herrialdean bizitzaren eta justizia sozialaren alde egindako jarduerengatik beren bizitza edo osotasun fisikoa arriskuan sumatzen duten giza eskubideen defendatzaileei babesa ematea, horretarako Euskadin sei hilabeteko egonaldia eskainiz haiei.

Ikuspegi feminista eta psikosozialetik antolatuta, eragin politikoa, zaintza eta erakundeak bizkortzeko jarduerak batera lantzen dira. Euskadin dauden bitartean egiten den lanaren xedea da pertsona horiek eta haien erakundeek laguntza politiko eta instituzionalaren esparruan dauzkaten nazioarteko sareak zabaltzea eta indartzea. Sare horiek, praktikan, jatorrizko herrialdeetan giza eskubideen aldeko lanari eustea ahalbidetzen duten babes-mekanismoak dira.  Lan horrek, gainera, aukera ematen du euskal herritarrei eta erakundeei begira (bai eta, hala egokituz gero, Espainiakoei eta Europakoei begira ere), giza eskubideen alde lanean ari diren erakundeek pairatzen duten mehatxu-egoerari eta haien aldarrikapenei buruzko informazioa zabaldu, salaketa egin, eta horren guztiaren inguruko sentsibilizazio-lana egiteko.

Beren jatorrizko herrietara itzultzen direnean, euskal ordezkaritza batek bisitatzen du herrialde hura, pertsonaren eta komunitatearen egoeraren jarraipena egiteko, haien babes eta segurtasun sarea bizkortzeko eta euskal gobernuaren, parlamentuaren eta erakundeen laguntza erakusteko.

Orain arte, tokian tokiko egoera ezagutzeko 9 bisita zuzendu ditu Programak: Kolonbia (2012, 2014, 2015, 2016, 2018), Guatemala (2015), Peru (2016) eta Honduras (2017 eta 2019).  Hemen ikus ditzakezu Jarraipen Misioen txostenak.

Zer ulertzen dugu babesa aipatuta?

ANSUR kolektiboaren arabera, BABESA da giza eskubideen defendatzaileek, erakundeek eta instituzioek bizitzeko eta lan egiteko eremu seguruak sortu eta zabaltze aldera garatzen dituzten ekintzen multzoa. Osotasun fisiko, emozional eta kolektiboaren aurkako mehatxuei aurre egiteko hainbat estrategia eta ekintza hartzen ditu barnean.

Gure aburuz, babesa ez da soil-soilik mehatxurik ez izatea, pertsonen, komunitateen eta kolektiboen ongizatea baizik, dimentsio guztiak aintzat hartuta. Beraz, Programa babesaren osoko ikuspegitik garatzen da eta barne hartzen ditu alderdi pertsonalak, antolaketari buruzkoak zein politikoak, indarkeria politikoaren ondorioz arreta berezia behar duten pertsonen laguntza psikoterapeutikoa eta abegia eskaini zaien pertsonen zaintza ere eskainiz.

Nortaz ari gara Giza Eskubideen defendatzaileak esanda?

Gizarte mugimendu edo erakundeetako kideak, eskubide politiko, zibil, ekonomiko, eta  sozialak, hala nola kultura-, ingurumen-, sexu- eta ugaltze-eskubideak defendatzeko lanean ari direnak. Lehentasuna ematen zaie, Giza Eskubideen defendatzaileen egoerari buruzko Nazio Batuen Errelatore Bereziaren arabera, sistema kapitalista heteropatriarkalaren testuinguruan, arriskurik handieneko egoeran dauden kolektiboei:

  • Erakunde feministetako emakumeak eta LGTTBI kolektiboko pertsonen eskubideak defendatzen diharduten pertsonak.
  • Eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak nahiz ingurumen-eskubideak defendatzen jarduten duten pertsonak; batik bat, lurra eta lurraldea izateko eskubidea aldarrikatzen dutenak, herri indigenak eta afrikar jatorrikoak.

Nor gara Programako partaideak?

Lidergoa  Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak daramala, CEAR-Euskadi erakundeak kudeatzen du eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia laguntzailea da.

Partaideak dira, baita ere, Hautaketa Batzordeko kide gisa,  Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza,  Euskadiko GGKEen Koordinakundea,  Giza Eskubide eta Bake Hezkuntzaren ForoaPedro Arrupe Giza Eskubideen Institutoa (Deustuko Unibertsitatea) eta  Hegoa Institutoa  (UPV-EHU).

ANSUR Kolektiboak aholkularitza ematen dio Programari segurtasun eta babes gaietan, eta  Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide eta Berdintasun Batzordea  laguntzaile joaten da abegian hartutako defendatzaileekin eta haien erakundeekin tokian tokiko jarraipen bisitak egiten direnean.

Urte hauetan zehar (2011-2018) Euskadiko Laguntza Sarea osatu duten erakundeak hauek dira: SEADen Lagunen Elkartea–Euskadi,  Emigradxs sin fronteras, elkartea;  Paz con Dignidad elkartea,  Mundubat FundazioaGehituJoxemi Zumalabe FundazioaMugarik Gabe eta  Oxfam Intermon; eta Programatik 20 lagun igaro dira (11 emakume, 7 gizon eta bi ume -neska bat eta mutil bat-) guztiak ere arrisku egoeran diren erakunde, komunitate eta kolektiboetako kideak.

Informazio gehiago programa.proteccion@cear-euskadi.org. Telefonoa: (0034) 94 424 8844