Harrera-ibilbidea


Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzaren Ministerioak (MITRAMISS) zehaztu eta finantzatutako harrera-sistema ezartzen duen erakundeetako bat da CEAR. Sistema hau gaur egun dugun tresnarik garrantzitsuenetako bat da gure esku-hartzeen xede diren pertsonei laguntzeko: nazioarteko babesa eskatu eta horren onuradun direnei, aberrigabeen estatusa eskatu eta eskuratzen dutenei eta zaurgarritasun egoeran dauden migratzaileei.

Hala ere, ez da gure tresna bakarra. Tokiko erakundeek, foru-erakundeek eta autonomia-erkidegokoek ere hein handi batean babesten dute gure lana, pertsona gehiagorengana iristeko helburuarekin eta estatuko programaren mugarik gabe.

MITRAMISSek ezarritako ibilbideak bezala, CEARen esku-hartze ereduak 4 fase ditu:

0 fasea: “Lehen harrera”

Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzaren Ministerioak sistemako harrera-plazak hartzeko eskabideei erantzuna eman arte (1. fasea), gure erkidegora iristen diren pertsona askok ez dute beharrezko baliabiderik bizirauteko. Egoera horri erantzute aldera, ministerioak berak behin-behineko harrera aurreikusten du pertsona horientzat, modu horretara haien oinarrizko beharrizanak asebetetzeko. Ministerioaren diru-laguntza horren bidez, CEARek horretarako aterpeak hitzartuta ditu 3 lurraldeetan. Gaur egun, 260 plaza inguru ditugu.

Eusko Jaurlaritzak berak ere, profil horretako pertsonen beharrizanei erantzunez, beste 80 plaza ireki ditu Oñatiko Larraña Etxean eta beste 35 Tolosan.

Behin harrera-eskabidea onartuta, MITRAMISSek beste erakunde baten baliabidean edo beste erkidego batean esleitu dezake plaza.

Lehenengo fasea: Harrera

Fase honetan helburua da nazioarteko babesa eskatu duten pertsonen oinarrizko beharrizanak betetzea, eta, aldi berean, haien gizarteratze-ibilbiderako oinarriak jartzea. Horretarako, harrera-pisuak daude Euskadiko hainbat herritan.

Gaur egun, 198 plaza ditugu harrerarako, 3 lurraldetan banatuta: 106 Bizkaian (19 pisu), 42 Araban (7 pisu) eta 50 Gipuzkoan (9 pisu).

Pisu horietan hezitzaile sozial, psikologo eta juristen lantalde batek laguntzen die harreran dauden pertsonei beren egoera berrira egokitzeko beharrezkoa den guztian: ingurunea ezagutzen, gaztelania irakasten, prestakuntzarako aholkularitza ematen, paperak eta laguntzak izapidetzen, laguntza psikologikoa eta osasun arreta ematen, etab. 6 eta 9 hilabete artean irauten du.

2.fasea: Gizarteratzea

Jarraipena ematen dio harreran hartutako pertsonen gizarteratze-prozesuari, behin hauek lehen fasea amaitzen dutenean eta oraindik ere laguntza behar dutenean.  Fase horretan, besteak beste, zerbitzu hauek ematen dira: etxebizitza bilatzeko laguntza eta prestakuntza eta lana bilatzeko laguntza. Mantendu egiten dira beste zerbitzu hauek, eskatzen dituzten pertsonentzat: laguntza psikologikoa, interpretazioa eta itzulpenak eta lege-aholkularitza. Laguntza pertsonalizatuaren eta beste zenbait tresnaren bidez, helburu behinena lehengo bera da: artatutako pertsonen autonomia eta independentzia sustatzea. Harreran hartutako pertsonak ibilbidea zer probintziatan hasi duen, horretan gauzatuko da fase hau ere.

3. fasea: Autonomia

Fase honetan, onuradunak aldian behingo laguntza behar izan dezake esparru jakin batzuetan.