Zer da gizarte-partaidetza?


Gizarte-partaidetzaren helburua da pertsonak inplikatzea eraldaketa ahalbidetzen duten espazio politikoetan, ez demokraziaren ohiko bideak bakarrik erabiliz (botoa, mitinetara joatea, propaganda politikoa egitea), baizik eta ekintza politiko alternatiboak ere abian jarriz.

Nork egiten du gizarte-partaidetza?


Gizarte-partaidetzarako ekintzak CEAR-Euskadi osatzen dugunok egiten ditugu (erabiltzaileak, boluntarioak, praktiketan daudenak, soldatapekoak, bazkideak, laguntzaileak eta zuzendaritza-batzordea). Helburua da pertsona horiek guztiak inplikatzea gizartea eraldatzeko prozesuetan, giza eskubideak defenda ditzaten eta mundu bidezkoagoa lortzeko lan egin dezaten.

Nola egiten dugu gizarte-partaidetza?

Zenbait adibide:

Hausnarketa-jardunaldiak


Urtero-urtero, CEAR-Euskadik erakundearen Boluntariotza Jardunaldiak antolatzen ditu. Topagune hori, beste gune batzuekin batera, erakundeak bere diskurtso politikoa sortzeko leku bilakatu da. Dinamika parte-hartzaileak eta giro lasaia izaten dira nagusi; hala, parte-hartzaileak identifikatu egiten dira bai erakundearekin bai giza eskubideen defentsarekin.

Gizarte-mobilizazioak


Manifestazioak, ekintza publikoak, ekitaldiak, sareetako mobilizazioak…

 

Kulturarteko antzerkia


Kulturarteko antzerkiaren ideia nagusia da hazkuntza pertsonala funtsezkoa dela gizarte inklusiboa eta solidarioa eraikitzeko. Caminamos para Crecer kulturarteko antzerki-talde bat da, eta, hain zuzen ere, CEAR-Euskadiren gizarte-partaidetzako taldetik sortu zen. Talde irekia da eta erakundearekiko modu independentean lan egiten dute. Taldekideek askotariko jatorriak dituzte: Mali, Boli Kosta, Peru, Maroko eta Mexiko; eta bertako kideak ere badaude.

Ez da ohiko antzerki-talde bat, eta ez zen arte eszenikoak ikasteko asmoz sortu. La Zanja izeneko obra da taldearen lanaren emaitza.

Botoa uzteko kanpaina


Sufragio esaten zaio herritarrek kargu publikoak aukeratzeko daukaten eskubide politikoari. Sufragioa eskubide politiko garrantzitsuena izan da historikoki. Gaur egun indarrean dagoen legeriak eskubide hori erabiltzea galarazten die herritartasuna ez duten etorkin guztiei. 2014tik, CEAR-Euskadi lanean ari da botoa uzteko hainbat kanpaina sustatuz. Egitasmo horien bitartez, bozkatzeko eskubidea duten herritarrek aukera dute euren botoa hausteskundeetan parte hartu ezin duen etorkin bati uzteko. Desberdinkeria hori agerian jartzea urrats garrantzitsua da etorkinek herritartasun osoa lor dezaten.

Prestakuntza-tailerrak


Prestakuntza eta jakintzen trukea tresna garrantzitsuak dira pertsonei gure inguruneko problematiken eta horietatik defendatzeko eta salatzeko mekanismoen berri emateko. Aldi berean, parte-hartzaileak kausarekin inplikatzen dira eta gizartean parte hartzeko motibatzen dira. CEAR-Euskadin sustatzen dugu erabiltzaileek dinamizatzea tailer horiek; hartara, rolak aldatu egiten dira eta taldeak zenbait trebetasun eskuratzea ahalbidetzen da.