Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean, CEAR-Euskadik egungo hauteskunde-kanpainan diskurtso politiko xenofoboen ugaritzeari buruz ohartarazten du, izan ere, kulturen arteko elkarbizitza sustatu ordez, amorrua, alarma soziala, beldurra eta migratzaile eta errefuxiatuekiko mesfidantza sortzen baitute.CEAR-Euskadiren Arabako arduradun Rosabel Argotek gogorarazi duenez, “herritar garen heinean erne egon behar dugu diskurtso politikoek immigrazioa ez instrumentalizatzeko, eta gorrotoaren bidez gizarte-haustura ez sustatzeko; hori beti egin behar dugun zerbait da, baina une honetan are arreta handiagoa jarri behar dugu, hauteskunde-aldian murgilduta gaudelako”.

Horregatik, CEAR-Euskaditik alderdi politikoei exijitzen diegu honako neurri hauek berehala har ditzatela:

  • Iritzi publikoa sortzeko garaian arduratsuak izan daitezela, immigrazioa ez dezatela instrumentalizatu xede elektoralistekin, eta zorroztasunez eta oinarri enpirikoarekin landutako diskurtso politikoen aldeko jarrera izan dezatela, pertsona guztien giza eskubideekiko konpromisoan oinarrituz.
  • Gardenak izan daitezela diskurtsoen edukiak zaintzen dituzten euren etika- eta diziplina-organoen funtzionamenduari dagokionez.
  • Arbitraje eta Deontologiako organo independente bat gaitu dadila, hauteskunde-aldietan diskurtso politikoen zaintzaz arduratzeko.

Suteen aurkako gida biziberritzea

Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean, CEAR-Euskadik “Suteen aurkako gida. Herritarrak diskurtso politiko xenofoboen kontra” argitalpenari bultzada berri bat ematen dio. Gida hori 2017an eta 2018an egin zen, Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren lankidetzarekin eta Araba eta Bizkaiko aldundien finantzaketarekin. “Suteen kontrako erreminten kutxa gisa” aurkeztu zen, herritarrek gorroto xenofoboaren diskurtsoei erantzun ahal izateko.

19 tresna eskaintzen dira, bost eremutan banatuta: juridikoa, instituzionala, politikoa, mediatikoa eta herritarrena. Aktiba daitezke iritzien liderrek edo arlo politikoko eta sozialeko ordezkariek herritarren kohesioari su ematen diotenean, atzerritarrak edo errefuxiatuak diskriminatzen, iraintzen eta difamatzen dituzten edo horiek gorrotatzera edo baztertzera bultzatzen duten diskurtsoekin.

Hona hemen zenbait adibide: litigazio estrategikoa egitea, salaketa jartzea herri-akzio gisa, erreklamazioak jartzea alderdi politiko bakoitzeko batzorde etikoei, prentsan zuzendariarentzako gutunak idaztea diskurtso iraingarriei kontrako narratibak aurkezteko, eta herritarren plataformen bitartez mobilizazioak egitea, adierazpen arrazisten eta xenofoboen hartzaile diren komunitateak defendatzeko.

Argitalpena honako esteka honetan deskarga dezakezue: